Itxi

24. jardunaldia

Athleticek irabazi egin du Huescan, asko sufritu arren (0-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Raul Garciak lehen zatian penaltiz sartutako golak hiru puntuak eman dizkie zuri-gorriei.

Raul Garcia Christian Riverareki lehian. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du (0-1) Huescaren etxean, Alcoraz zelaian, Ligako 24. jardunaldia itxi duen partidan, eta gero eta urrunago ditu jaitsietako postuak. Aragoiko taldeak, berriz, azken tokian jarraitzen du, une honetan Lehen Mailari eusten dion azken taldetik (Celta) sei puntura.

Zuri-gorriek izerdi ugari bota eta sufrimendu handia igaro behar izan dute partida irabazteko, batez ere norgehiagokako azken 15-20 minutuetan. Tarte horretan, Francisco Rodriguezek entrenatzen duen taldeak asko estutu du Gaizka Garitonorena, baereziki David Ferreiro erdilari galiziarrak izan dituen bi abagunetan.

Etxeko taldea izan da lehiako lehen aukera garbia izan duena, hasi eta berehala. Lehen minutua bete orduko, Enric Gallegok erdiraketa bat egin du ezker hegaletik eta baloia Beñat Etxebarriak desbideratu du, baina bere aterantz. Herrerinek gelditu on bat egin behar izan du, baloiak bere ate barruan amai ez zezan.

Aitzitik, lehen ordu laurdena bete eta gero, Alavesek utzita Huescan ari den Dieguezek penaltia egin dio Iñigo Martinezi, falta baten erdiraketan. Raul Garcia nafarra arduratu da jaurtiketa egiteaz, eta ez dio baloia gelditzeko inolako aukerarik eman Roberto Santamaria etxeko atezainari (18. min).

Atsedenaldira heldu baino lehen, Iñaki Williamsek gertu izan du bere taldearen bigarren gola, baina eskuin hegaletik egin duen jaurtiketa indartsua kornerrera aldendu du Santamariak.

Aldageletan hamabost minutuz atseden hartu ostean, neurketa ez da aldatu. Athletic partida erabakita uzteko bere aukeraren zain zebilen, eta iritsi zaio, baina Williams ez da eraginkor aritu Huescaren atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratu denean.

Gerora etorri da etxekoen erreakzioa. Aragoitarrek jakin bazekiten norgehiagokak berebiziko garrantzia zeukala, eta ez dute amore eman. Hartara, neurketako azken ordu laurdenean nagusi izan dira erabat, eta behin eta berriz hurbildu dira Athleticen ate inguruetara, baita jaurtiketa arriskutsuak egin ere. Horietako batean, Ferreirok gogor jaurti du area barrutik bere defendatzaileari izkin egin ostean, baina Herrerinek geldiketa bikaina egin dio. Bigarren aukera batean, Gallego ez da oso gutxigatik heldu sakatu besterik egin behar ez zuen baloi batera.

Dena den, etxekoak ahalegindu diren arren, azkenerako hiru puntuek Bilborako bidea hartu dute. Ondorioz, bilbotarrek 30 puntu dituzte orain, hots, jaitsiera postuekiko zazpiko tartea. Huescak, bere aldetik, 18 punturekin jarraituko du, sailkapeneko zuloan murgilduta.

Fitxa teknikoa:

0 - Huesca: Santamaria, Miramin, Etxeita, Pulido, Dieguez (Ferreiro, 69. min), Galan, Rivera, Moi Gomez, Yangel Herrera (Juanpi, 57. min), "Chimy" Avila ("Cucho" Hernandez, 72. min) eta Enric Gallego.

1 - Athletic: Herrerin, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, San Jose, Beñat, Susaeta (Ibai, 68. min), RaUl GarcIa (Kodro, 85. min), Muniain (Cordoba, 74. min) eta Williams.

Golak: 0-1, 19. min: Raul Garcia (penaltiz).

Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak: Yangel Herrera, Enric Gallego, Dieguez, Moi Gomez eta Miramon (Huesca); Capa (Athletic).

Albisteak (3)