11 JARDUNALDI
Athletic da golik gutxien jaso duen taldea, Garitano entrenatzaile denetik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Derioko entrenatzaileak talde zuri-gorria zuzendu duen 11 neurketetan bost gol besterik ez du hartu.
Athletic da azken hamaika jardunaldietan Santander Ligan golik gutxien hartu duen taldea, hau da, Gaizka Garitano entrenatzaile lanetan hasi zenetik, hain zuzen ere. Bost gol besterik ez diete sartu zuri-gorriei ordutik hona (0,45 gol partidako).
Jardunaldi horren aurretik (Ligako 25.a), Bartzelona zegoen aitzinetik atal horretako sailkapenean (aurreko hamar norgehiagoketan lau gol jaso zituen talde katalanak); Sevillak igandean Ter Stegen atezainari bi gol sartu ondoren, baina, Athletic jarri da sailkapen horretako buruan.
Garitano Athleticen entrenatzaile bihurtu denetik, Herrerin atezainak zazpi aldiz utzi du bere atea hutsean. Gainera, behin bakarrik sartu dizkiote gol bat baino gehiago (Anoetan, Realaren aurka jokatutako euskal derbian, 2-1).
Girona, Sevilla, Betis, Bartzelona eta Eibar izan dira San Mamesen golik egin ez duten taldeak, eta Alaves eta Huesca ibili dira antzu euren etxean bilbotarren atearen aurrean.
Bestalde, Valladolidek soilik zulatu du bilbotarren atea 'Katedralean' (1-1). Etxetik kanpo, berriz, Vigon, Vila-realen eta Donostian jaso dituzte golak zuri-gorriek.
Beste kontu bat da aldeko golen auzia. Garitanoren taldeak ez du gol askorik egiten; izan ere, hamaika gol lortu ditu bere aginduetara jokatu diren beste horrenbeste jardunalditan (gol bat partidako).