Itxi

San Mamesen

Athletic-Malaga (1-1): Europara, zapore gazi-gozoarekin

Erredakzioa

Caparrosen mutilek ezin izan dituzte hiru puntuak eskuratu talde andaluziarraren aurka. Bigarren zatian hamar jokalarirekin jokatu dute pellegriniren mutilek, baina Bilbokoek ezin izan dute irabazi.

Bizkaitarrek ezin izan dituzte hiru puntuak lortu talde andaluziarraren aurka (1-1). Lehen zatiko 41. minutuan 0-1ekoa lortu du Juanmik eta berdinketa bigarren zatiko 8. minutuan jarri du David Lopezek (penaltiz). Malagak hamar jokalarirekin jokatu ditu bigarren zatiko 30 minutu, baina bilbotarrek ezin izan dute markagailua irauli.

Manuel Pellegriniren mutilek erraz agindu dute hasierako minutuetan eta partidako lehen aukera argia Julio Baptistak izan du. Brasildarraren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora eta zuri-urdinek lehen abisua eman dute San Mamasen. Apurka apurka zuri-gorriak partidan sartzen joan dira eta David Lopezek gutxigatik ez du lehenengo gola lortu. Erdilari errioxarrak zuzenean bidali du falta jaurtiketa Caballeroren atera, eta Malagako taldeko atezainak goleko marra gainetik atera du baloia.

Athleticek asko sakatu du 1-0ekoa lortzeko, baina andaluziarrak ondo kokatuta mantendu dira zelaian. Castillok aukera paregabea izan du 34. minutuan, baina Durangoko atzelariaren errematea Caballerok kornerrera desbideratu du. Pellegriniren mutilek norgehiagokaren kontrola berreskuratu dute apurka eta Amorebietak Juanmiren jaurtiketa goleko marra gainetik atera behar izan du. 41. minutuan zuri-urdinek gola lortu dute markagailuan 0-1ekoa jarriz. Malagaren gola Juanmik lortu du Iraizoz ederki gaindituz. Atsedenaldira, zuri-gorriak markagailuan azpitik joan dira.

Bigarren zatian Athletic sendoago irten da zeilaira eta 52. minutuan epaileak penaltia adierazi du etxeko taldearentzat. Demichelisek falta argia egin dio Llorenteri area barnean eta atzelari argentinarrak bigarren txartel horia ikusi du, Malaga hamar jokalarirekin utziz. David Lopezek penalti jaurtiketa langara bidali du, baina aldaratzeak Eliseuren eskuan jo du eta Muñiz Fernandez epaileak beste penalti bat adierazi du. Bigarrenean, erdilari errioxarrak ez du hitsik egin eta Bilboko taldeak norgehiagoka berdindu du (1-1).

Caparrosen mutilek ez dituzte gol aukera argiak sortu, nahiz eta andaluziarrek hamar jokalarirekin jokatu. Abagune onena Fernando Llorentek izan du, baina aurrelari zuri-gorriaren errematea Caballerok gelditu du. Azkenean, Athleticek puntu bakarra lortu du eta Europa Leaguea jokatuko du datorren denboraldian.

- Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Amorebieta, Castillo; David Lopez (De Marcos, 78. minutuan), Orbaiz (Iturraspe, 91. minutuan), Javi Martinez, Muniain; Toquero eta Llorente (Gabilondo, 83. minutuan).

1 - Malaga CF: Willy Caballero; Jesus Gamez, Demichelis, Welington, Eliseu; Maresca, Sandro Silva, Apoño (Kris Stargaard, 56. minutuan), Recio; Baptista eta Juanmi (Fernando, 85. minutuan).

Golak: 0-1, 41.minutuan: Recio. 1-1, 54. minutuan: David Lopez, penaltiz.