SAN MAMESEN
Zalantzak uxatu nahi ditu Athleticek Espanyolen aurka
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zuri-gorriek garaipenik gabeko bost partidako bolada txarrarekin amaitu nahi dute. Partida 20:00etan hasiko da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek Espanyol hartuko du gaur San Mamesen. Beraz, garaipen premia handia duten bi talde izango dira aurrez aurre; izan ere, bilbotarrek bost partida daramatzate irabazi gabe, eta katalanak, berriz, beheko postuetatik atera nahian dabiltza.
Estatistikei begiratuz gero, zuri-gorriak beren zaleen aurrean ondoen aritzen diren taldeen artean ageri dira: San Mamesen jokoan izan dituen 15 puntuetatik 10 bereganatu dituzte. Espanyol, berriz, oso eraginkorra da etxetik kanpo, sailkapenean dituen 8 puntuak etxetik kanpo lortu baititu.
Astebetean hiru partida jokatuko direnez, aldaketak izango omen dira Gaizka Garitanok entrenatzen duen taldean. Bestea beste, Iago Herrerin atepera itzul daiteke, aste barruko neurketan Leganesen aurka egin zuen legez. Yeray Alvarezek ere bere lekua berreskura dezake atzealdeko erdigunean, Atleticoren kontra Unai Nuñez aritu eta gero postu horretan.
Oscar de Marcos, Ibai Gomez eta Gaizka Larrazabal ere hasieratik aritzeko moduan omen daude.
Espanyolek denboraldiko unerik onenean bisitatuko du San Mames, bi garaipen lortu baititu jarraian: bata, Europa Ligan, Bulgariako Ludogorets taldearen etxean, eta, bestea, Espainiako Ligan, Levanteren aurka.
Pablo Machin entrenatzaileak Bartzelonako taldearen itxura aldatu du. Berak erabili ohi duen eskema taktikora egokitu dira futbolariak, hiru erdiko atzelarirekin, eta maila hobetu dute, jaitsierako postuetatik ateratzen saiatzeko.
Espanyolek San Mamesera egin dituen azken bost agerraldietan, Athleticek bi partida irabazi, beste horrenbeste berdindu eta bakarra galdu du.
Balizko hamaikakoak
Athletic: Iago Herrerin, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Unai Lopez, Williams, Raul Garcia, Muniain eta Aduriz.
Espanyol: Diego Lopez, Naldo, Bernardo, David Lopez, Javi Lopez, Victor Sanchez, Roca, Didac Vila, Wu Lei, Granero eta Ferreyra.
Epailea: Juan Martinez Munuera.
Futbol-zelaia: San Mames.
Ordua: 20:00.