Itxi

2-0

Athleticek Granada mendean hartu eta sendo jarraitzen du Europarako postuetako lehian

Erredakzioa

Leer en Castellano

Talde zuri-gorriak 2-0eko emaitzarekin lortu du garaipena San Mamesen, Raul Garciaren eta Yuri Berchicheren golekin.

Raul Garcia, Granadari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Granadaren aurka (2-0) San Mamesen, Santander Ligako 15. jardunaldiko partidan. Horrenbestez, talde zuri-gorriak 26 puntu ditu, eta sendo jarraitzen du Europarako postuetarako lehian.

Neurketa joko gutxikoa eta falta askokoa izan da. Gainera, bi taldeetako batek ere ez du abagune askorik sortzeko gaitasuna izan. Hala ere, Granada hobeto zelairatu da, eta lehen sustoa eman du Unai Simon atezainak egindako huts baten ondorioz, Athleticeko atezainak berak konpondu duena. Williamsen abiaduraren bitartez Granada estutasunean jartzea zen Athleticen helburua, baina talde bisitaria sendo mantendu da defentsako lanean. Bi taldeak area kanpotik egindako jaurtiketen bitartez saiatu dira gola sartzen, baina alferrik. Athleticen lehen abagunea Williamsek izan du, baina kanpora bidali du errematea Yuriren erdiraketa on baten ostean.

Norgehiagoka oso itxia izan da. 38. minutuan, Domingos Duartek lurrera bota du Raul Garcia bultzakada batekin, eta epaileak penaltia adierazi du. Raul Garciaren jaurtiketa Rui Silva atezainak gelditu du, bana VARa kontsultatu ostean, atezaina aurreratu egin dela esan du epaileak, eta errepikatu egin behar izan da jaurtiketa; bigarrenean, Raul Garciak ez du barkatu, eta 1-0ekoa sartu du.

Bigarren zatiaren hasieran ere hobeto irten da Granada San Mameseko berdegunera, eta arriskua sortu du Machisen bitartez. Unai Simonek arazorik gabe gelditu du Venezuelakoaren jaurtiketa, eta talde andaluziarrak baloiaren jabetza izan duen arren, ez du gol aukera argiegirik sortu. Pixkanaka, Athletic hobetzen joan da, eta abagune argirik izan ez duen arren, partida kontrolpean izatea lortu du. Gainera, 83. minutuan, Unai Lopezek pase bikaina eman eta Yuri Berchichek 2-0ekoa sartu du. Hala, neurketa erabakita geratu da.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Williams, Sancet (Lekue, 71. min), Cordoba (Ibai, 64. min); eta Raul Garcia (San Jose, 81. min).

0 - Granada: Rui Silva; Victor Diaz, Domingos Duarte, Martinez, Quini; Gonalons, Yangel Herrera (Carlos Fernandez, 57. min), Montoro; Antonio Puertas, Machis eta Soldado (Vadillo, 67. min).

Golak: 1-0, 41. min: Raul Garcia, penaltiz. 2-0, 83. min: Yuri.

Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horiak atera dizkie Dani Garcia (8. min), Cordoba (47. min), Capa (50. min) Sancet (53. min) eta Raul Garcia (81. min) Athleticeko jokalariei, baita Domingos Duarte (36. min), Rui Silva (39. min), Montoro (42. min) eta Quini (91. min) Granadako jokalariei.

VAReko epailea: Valentin Pizarro Gomez.

Bideoak (1)