Oharra
Nolaskoainek barkamena eskatu du sare sozialetan zabaldu zen bideo polemikoa eta gero
Erredakzioa
Athleticek utzita Deportivon jokatzen duen jokalariak, barkamena eskatu nahi izan du, bideo baten egiten dituen hausnarketei buruz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek utzita Deportivon jokatzen duen Peru Nolaskoainek, Galiziako taldearen egoera txarrari buruzko hausnarketa egin zuen sare sozialetan, bideo baten bitartez, eta barkamena eskatu du, bideoak polemika sortu baitu.
"Ez diogu ONCEko taldeari ere irabazten, harrigarria da zein txarrak garen. Egoera txarra ahazteko festan irten eta mozkortu beharrean, etxean geratzen naiz lelo baten moduan", adierazten zuen bideoan.
Bideoak eragindako polemika ikusita, Nolaskoainek barkamena eskatu nahi izan du, eta sare sozialen bitartez egin du hau ere. "Duela astebete grabatutako bideo pribatu eta pertsonal hau zabaldu dela ikusita, barkamena eskatu nahi dut bertan egin nituen hausnarketen gainean. Deportivo taldearekin talde-egoera eta kirol-egoera oso zailak pasatzen ari naiz, eta barkamena eskatu nahi dut", azpimarratu du jokalari gipuzkoarrak.
"Nire taldekideei barkamena eskatu diet jada, eta eurekin batera lanean jarraituko dut egoera honi aurre egiteko. Momentu pertsonal zail batean egin nituen adierazpenak ez daukate inongo justifikaziorik. Hala ere, eragindako kaltea konpentsatzeko lanean jarraituko dut, eta futbolariok hitz egin behar dugun tokian, berdegunean, hitz egiten saiatuko naiz", gaineratu du Peru Nolaskoainek.
Azkenik, Deportivori eta Athletici barkamena eskatu nahi izan die: "Deportivori barkamena eskatu nahi diot, profesionalki hazten jarraitzeko aukera ematen ari zaidalako. Talde honen elastikoa defendatzeko daukadan guztia emango dut, profesionaltasun osoz. Bestalde, Athletici ere barkamena eskatu behar diot, haren baloreen artean daudelako klubarenganako eta taldekideenganako errespetu osoa, eta horretan huts egin dut".