Athleticeko hauteskundeak
Urrutia "sumindu" du bere hautagaitza alderdi politikoekin lotu duenak
Erredakzioa
Alderdi nazionalisten babesa duela dioten komentarioak ez zaizkio batere gustatu Urrutiari. Bestalde, Mario Fernandez BBK-ko presidenteak botua jokalari ohiari emango diola adierazi du.
Athleticeko presidente izateko hautagaia den Josu Urrutia jokalari ohiak esan du "sumindu" egin dutela bere hautagaitza alderdi nazionalistetatik hurbil jarri duten "komentarioek" eta EAJk eta Bilduk bere hautagaitza "babesten" dutela esatera heldu direnek.
Hautagaiak Nueva Economia Forumeko tribunan hitz egin du Athleticen "konpromiso sozialaz", klubean "pertsonek izan behar duten paperaz" eta baliabideen kudeaketaz. Arlo hauetan bere hautagaitzak duen sendotasuna azpimarratu du.
Urrutiak bere hautagaitzak alderdi nazionalistekin inolako loturarik ez duela adierazi du.
"Mindu egin naute comentario horiek, baina ezin dut horiek saihesteko ezer egin. Hori esaten duenak gezurra esaten du, ez nau ezagutzen ala min eman nahi dit, edo hiru gauzak batera", esan du hautagaiak. "Betidanik ulertu dut Athleticek nortasun sozial eta politiko ezberdinak lotzen dituen topagunea dela", gaineratu du.
Entrenatzailearen izenik ez du aipatu
Bere kirol-proiektuaren buruan izango den entrenatzailearen izena ez du esan. Caparros izango ez dela, ordea, argi utzi nahi izan du. "Caparrosek beste aukera baten alde egin zuen aspaldi", Fernando Garcia Macuaren aukeratua delakoan.
Bere entrenatzailearen "profila" bere kanpaina lemaren antzekoa izan behar dela esan du: "Balioak, konpromisoa, gaitasuna eta esperientzia", eta ezaugarri hauek dituzten entrenatzaileak "bizkaitarrak edo Bizkaitik kanpokoak" izan daitezkeela gaineratu.
Bilbao Bizkaia Kutxaren presidentearen babesa
Forumeko eztabaidan bertan, BBKko presidente den Mario Fernandezek botua Josu Urrutiari emango diola adierazi du.
"Ez naiz politikoki zuzena sarritan eta ekitaldi hau amaitu nahi dut esanez Josu Urrutiak nire botua izango duela datozen hauteskundeetan", esan du Athleticen estatuto proiektuaren idazkeran aritu zen Mario Fernandezek.