3-2, Betisen aurka
Athleticek porrotarekin ordaindu du partidari eman dion hasiera txarra
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak 3-2ko emaitzarekin galdu du Betisen aurka. Hiru gol jaso ditu Athleticek lehen 20 minutuetan, eta bi gol sartzea lortu duen arren, ezin izan du berdinketa erdietsi.
Athleticek porrota jaso du Betisen aurka (3-1) Benito Villamarinen jokatu duen Ligako 12. jardunaldiko partidan. Lehen minutuetan opariak egin dizkio aurkariari, eta punturen bat lortzeko aukerarik gabe geratu da.
Bigarren minutuan sartu gola Betisek Joaquinen bitartez (1-0), ezker hegalean Athleticeko jokalariek huts galanta egin ostean. Maldan gora jarri zaio neurketa talde zuri-gorriari, baina ez du erreakzionatu, eta intentsitate gabe defendatutako beste jokaldi batean, Joaquinek 2-0ekoa egin du. Albiste txarrak, ordea, ez dira hor bukatu Athleticentzat, Joaquinek hat-tricka (3-0) lortu baitu, 20. minutuan. Kolpe handia jaso du talde zuri-gorriak, eta ez da erantzuteko gai izan. Hala ere, 43. minutuan, Alex Morenok eskuarekin jo du baloia area barruan, eta epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazi du. Williamsek sartu du3-1ekoa, penaltiz.
Bigarren zatiari ekiteko, Gaizka Garitano entrenatzaileak Unai Nuñez zelairatu du Cordobaren ordez. Athleticek aldeak murrizteko aukera izan du neurketako 56. minutuan, baina Kodro ez da iritsi Yurik egindako erdiraketa on batera. Betisek ez du ia abagunerik sortu, baina Athletici ere kosta egin zaio aurkariaren ate ingurura arriskuarekin heltzea. Hala ere, 75. minutuan, Yurik 3-2koa sartu du area kanpotik egin duen jaurtiketa indartsu baten bitartez.
Azken minutuetan saiatu da talde zuri-gorria berdinketa bilatzen area kanpotik egindako jaurtiketen eta erdiraketen bitartez, baina ezin izan du gola sartu. Betisek lehia guztiz erabakita uzteko aukera izan du 91. minutuan, baina Unai Simonek eragotzi du etxeko taldearen gola, Joaquinen aurrean gelditu bikaina eginda. Dena den, Athleticek ez du aukerarik izan luzapenean, eta esku hutsik itzuli da etxera.
Fitxa teknikoa:
3 - Betis: Joel Robles; Emerson, Edgar (Javi Garcia, 79. min), Bartra, Feddal, Alex Moreno; Lainez (Kaptoum, 73. min), Guardado, Canales, Joaquin; eta Loren (Borja Iglesias, 76. min).
2 - Athletic: Unai Simon; Capa (Larra, 82. min), Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Williams, Sancet (San Jose, 68. min), Cordoba (Unai Nuñez, 46. min); eta Kodro.
Golak: 1-0, 2. min: Joaquin. 2-0, 11. min: Joaquin. 3-0, M.20: Joaquin. 3-1, 44. min: Williams, penaltiz. 3-2, 74. min: Yuri.
Epailea: Valentin Pizarro Gomez. Txartel horiak atera dizkie Unai Nuñez (46. min), Williams (77. min), San Jose (86. min) eta Unai Lopez (95. min) Athleticeko jokalariei, baita Kaptoum (74. min) eta Guardado (94. min) Betiseko futbolariei.