0-0
Athleticek berdindu egin du Real Madrilen aurka eta puntu bat atera du Bernabeutik
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak golik gabe berdindu du (0-0). Unai Simon atezainaren geldituek, aurkariaren punteria faltak eta Athleticen defentsako lan sendoak eragin du Bernabeun puntu bat lortzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek berdindu egin du Real Madrilen aurka (0-0) Santiago Bernabeun eta Ligako 18 jardunaldiren ostean, sailkapeneko zazpigarren postuan da 28 punturekin, Europarako postuetatik bi puntura.
Real Madrilek azken partidetan azaldu duen joko onak sistema aldaketa eragin du Athleticen. Hiru erdiko defentsa jarri ditu Gaizka Garitano entrenatzaileak hasierako hamaikakoan. Erasokor ekin dio neurketari Real Madrilek. Viniciusek arriskua eraman du zuri-gorrien areara, baina Real Madril ez da fin ibili aurkariaren ate aurrean, eta Unai Simon atezainaren lan onak ere merengeen golak eragotzi ditu. Rodrygok bi erdiraketa bikain jarri dizkio Benzemari, baina frantziarraren erremate biak Unai Simonek gelditu ditu. Nagusi eta baloiaren jabe izan da Real Madril, eta oso abagune argia izan du Krossek, langara bidali duen jaurtiketa baten bitartez. Alemaniarrak jokaldi bikaina egin du, baina ez du gola sartzea lortu. Etxeko taldearen beste aukera argi bat Benzemak izan du, baina haren errematea atepetik atera du Unai Nuñezek. Athletic sufritzen ibili da, baina atsedenaldira iritsi orduko izan duen abagune bakarrenetakoan, Kodrok gola sartu du, nahiz eta epaileak baloiogabetu egin duen, aurrelari zuri-gorria jokoz kanpo egon delako.
Bigarren zatian, partidaren gidoia lehenengoaren antzekoa izan da; Real Madril baloiaren jabe, eta Athletic kontraerasora irtetzeko zain. Hala ere, bigarren zatian Real Madrili gehiago kosta zaio abaguneak sortzea. Nachok egin duen errematea langara joan da, eta Benzema ere ez da Unai Simon gainditzeko gai izan beste bi erasoko jokalditan. Athleticek ez du abagune askorik sortu, baina Lekuek pase bikaina eman dio Williamsi, eta Carvajal gurutzatu da aurrelari zuri-gorriaren errematea eragozteko. Real Madrilek gola sartzeko beste aukera argi bat izan du neurketaren azken txanpan; Jovicen erremateak, ordea, zutoina jo du, eta Unai Simoni eskuetara heldu zaio baloia. Amaieran, golik ez Santiago Bernabeun, eta puntu bana talde bakoitzarentzat.
Fitxa teknikoa:
0 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao (Nacho, 57. min), Sergio Ramos, Mendy; Valverde, Kroos, Modric; Rodrygo (Bale, 62. in), Benzema eta Vinicius (Jovic, 71. min).
0 - Athletic Club: Unai Simon; Lekue, Yeray, Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Vesga, Raul Garcia; Williams (Beñat, 86. min) eta Kodro (Villalibre, 73. min).
Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horia atera dio Ramos (87. min) Real Madrileko jokalariari.