Azken 8 denboraldietan
Sevillaren aldeko 2-0ekoa, Athleticen aurka Pizjuanen gehien errepikatu den emaitza
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak sei porrot jaso ditu Sanchez Pizjuanen jokatu dituen azken hamar partidetan.
Athleticek Sevilla izango du aurkari urtarrilaren 3an Sanchez Pizjuanen, Ligako 19. jardunaldiko partidan. Sevillaren estadioa ez zaio ondo ematen talde zuri-gorriari, bertan jokatu dituen azken hamar partidetatik sei galdu egin baititu.
Sevllaren aldeko 2-0ekoa da gehien errepikatu den emaitza azken urteetan, lau alditan eman baita. Andaluziako taldeak 2-0eko emaitzarekin irabazi zion Athletici, 2018-2019, 2017-2018, 2015-2016 eta 2014-2015 denboraldietan. Gainera, Sevillak 1-0 irabazi zien zuri-gorriei 2016-2017 denboraldian, eta 2-1eko emaitzarekin 2012-2013 denboraldian.
2019ko urtarrilaren 16an lortu zuen azken garaipena Pizjuanen Athleticek, 0-1eko emaitzarekin, Errege Kopako final-zortzirenetako itzuliko partidan, baina Sevillak 1-3 irabazi zuen joanekoa San Mamesen eta aurrera egin zuen. 2015-2016 denboraldian ere, zuri-gorriek irabazi egin zuten Pizjuanen 1-2ko emaitzarekin Europa Ligako final-laurdenetako itzuliko neurketa, kanporaketa berdintzea lortu zutelarik, baina luzapena golik gabe amaitu zen, eta penalti jaurtiketetan Sevilla atera zen garaile (5-4).
Ligan Athleticek Sevillari irabazi zion azken partida 2011ko azaroaren 20an izan zen 1-2ko emaitzarekin, Iraolaren eta De Marcosen golekin. 2013-2014 denboraldian, bana berdinduta (1-1) amaitu zen bi talde hauen arteko norgehiagoka.