Itxi

0-4

Athleticek nagusitasunez irabazi dio Sestaori eta aurrera egin du Kopan

Erredakzioa

Leer en Castellano

Talde zuri-gorriak 0-4ko emaitzarekin mendean hartu du Sestao River Las Llanasen, eta Errege Kopako hirugarren kanporaketarako txartela eskuratu du.

Athleticeko jokalariak Sestaori sartutako gol bat ospatzen. Agazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Sestaoren aurka (0-4) Las Llanasen, eta Errege Kopako hirugarren txandarako txartela eskuratu du. Jaun eta jabe izan da Athletic hasieratik amaieraraino.

Talde zuri-gorria nagusi izan da hasieratik, eta bigarren minutuan gola sartzetik gertu egon da, baina Ibon atezainak gelditu du Villalibreren errematea. Hamar minutu beranduago beste abagune bat izan du Athleticek, eta, jokaldi horretan Ivan Alonso gurutzatu da Williamsi jaurtiketa egitea eragozteko. Sestao ezinean ibili da aurkariaren nagusitasunaren aurrean. Ibon Barandiaran Sestaoko atezainak zuri-gorrien gola eragotzi du 23. minutuan, Yuriren jaurtiketa geldituta. Athleticen nagusitasunak saria jaso du 29. minutuan Villalibrek sartu duen golarekin (0-1); Ibaik falta azkar atera, Yurik penalti puntura erdiratu, eta Villalibrek boleaz sartu du gola. Bost minutu beranduago, Iñigo Martinezek pase sakona eman dio Yuri Berchicheri, eta honek 0-2koa egin du. Sestao ez da erantzuteko gai izan lehen zatian, eta zuri-gorriek beste bi abagune izan dituzte atsedenaldiaren aurretik; Williamsek eta Villalibrek, ordea, ez dute asmatu aurkariaren ate aurrean.

Bigarren zatiko lehen bost minutuetan, Athleticek bi saiakera egin ditu area kanpotik egindako jaurtiketen bitartez, baina Beñatek eta Yurik ezin izan dute Sestaoren atea aurkitu. Sestao erasokorrago zelairatu da bigarren 45 minutuetan, eta lehen abagunea izan du 53. minutuan, Iago Herrerin atezainak gelditu duen Leandroren erremate baten bitartez. Hala ere, Sestaoren lehen abisuaren ostean, Athleticek ez ditu besoak jaitsi, eta gertu izan du hirugarren gola 57. minutuan, baina Sestaoko defentsak atepetik atera du Williamsen errematea. Handik gutxira, Ibon atezainak bikain desbideratu du Beñatek area barrutik egin duen jaurtiketa.

Norgehiagokako 65. minutuan, Muniain berragertu da zelaietatik at hilabate baino gehiago mantendu duen lesioaren ostean. Raul Garcia ordezkatu du. Aldaketaketarekin ez da partidaren gidoia aldatu, eta Ibon Barandiaran Sestaoko atezainak gogotik lan egiten jarraitu behar izan du. Riverreko atezainak Caparen jaurtiketa desbideratu du 68. minutuan, baina, minutu bat beranduago ezin izan du ezer egin Villalibreren gola eragozteko. Gernikako aurrelariak Williamsen pasea jaso, eta 0-3koa sartu du.

Sestaok neurketan izan duen bigarren abagunea 73. minutuan etorri da, baina Iago Herrerin atezainak eragotzi du gola, Leandroren jaurtiketari erantzun ona emanda. Azken txanpan, Athleticek abagune argi asko izan ditu, baina Capak, Muniainek eta Villalibrek ezin izan dute Ibon atezainaren atea zulatu. Hala ere, talde zuri-gorriak garaipena biribidlu du, 91. minutuan Yurik sartu duen golarekin (0-4).

Fitxa teknikoa:

0 - Sestao River: Ibon Barandiaran; Gago, Huete, Zumalakarregi, Iván Alonso; Aitor Villar (Vieites, 62. min), Huidobro, De Eguino (Coscolin, 65. min), Jonma; Leandro eta Oskar Martin (Ximon, 76. min).

4 - Athletic Club: Iago Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Beñat (Unai Lopez, 79. min); Williams (Lekue, 72. min), Raul Garcia (Muniain, 65. min), Ibai; eta Villalibre.

Golak: 0-1, 27. min: Villalibre. 0-2, 34. min: Yuri. 0-3, 70. min: Villaibre. 0-4, 91. min: Yuri.

Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horiak atera dizkie Gago (5. min) eta Aitor Villar (17. min) Sestaoko jokalariei.

Albisteak (3)