Denboraldia amaitu arte
Ganeak utzita jokatuko du Errumaniako Viitorul Constanta taldean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Denboraldi honetan, Garitanok ez du sekula deialdi batean sartu ezker hegaleko errumaniarra.
Athleticek eta Viitorul Constantak aurre-akordioa lortu dute Cristian Ganea jokalariak Gica Hagik zuzentzen duen Errumaniako taldean joka dezan, denboraldiaren amaierara arte.
Ganeak 27 urte ditu eta 2021era arteko kontratua dauka Bilboko taldearekin. Ezker hegaleko atzelariak bi neurketa baino ez ditu jokatu orain arte Athleticekin. Joan zen denboraldian, bata bestearen atzetik jardun zuen Huescaren aurkako Kopako partidan eta Levanteren kontrako ligakoan. Hain zuzen ere, bi norgehiagoka horiek izan ziren Eduardo Berizzok Athleticeko entrenatzaile gisa zuzendu zituen azken lehia biak.
Joan den denboraldian, Gaizka Garitano zuri-gorrien aulkira iritsi eta aste batzuetara, Numantziarako bidea hartu zuen neguko merkatuan, bertan ere utzita aritzeko. Bertan, 17 partidatan hartu zuen parte.
Denboraldi honetan, ordea, Garitanok ez du sekula deialdi batean sartu.