Itxi

Errege Kopa

Penaltietan sailkatu da berriro Athletic, partida osoa hamarrekin jokatu ondoren

eitb.eus

Leer en Castellano

118. minutuan Yuri Berchichek sartutako golak hiruko berdinketa ezarri eta penalti-jaurtiketak behartu ditu. Horietan 2-4 gailendu dira zuri-gorriak.

Athleticeko jokalariak penaltietako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek irabazi egin du asteazken honetan Teneriferen aurka, Errege Kopako final-zortzirenei zegokion partida bakarreko kanporaketan. Norgehiagoka 2 eta 2ko emaitzarekin amaitu da arauzko denbora bete eta gero, eta 3 eta 3 luzapenaren ostean. Horrenbestez, penaltietan erabaki da Gaizka Garitanoren taldearen sailkapena (2-4).

Zuri-gorriek ezin okerrago ekin diote lehiari Iago Herrerinek txartel gorri zuzena ikusi baitu bigarren minutua bete denerako. Athleticen atezaina area ertzera atera da, eta falta argia egin dio ate aurrerantz zihoan Moore aurrelari estatubatuarrari. Gonzalez Fuertes epaileak ez du zalantzarik izan Herrerin partidatik egozteko.

Ondorioz, Garitanok Jokin Ezkieta ordezko atezaina zelairatu behar izan du Unai Nuñezen ordez, Herrerinek atepean utzitako hutsunea betetzeko. Hala, Iruñeko atezainak debuta egin du Athleticekin.

Jarraian, Tenerifek txartel gorriaren falta jaurtiketa bota du, eta baloiak area barruan kokatuta zegoen hesiaren aurka egin du tupust, eta kornerrera joan da. Jokaldiak aparteko garrantziarik izan behar ez zuela bazirudien ere, VARaren gelatik hesian zegoen Iñaki Williamsek eskuz jo izan zezakeela ohartarazi diote epaileari, eta hala izan da. Ondorioz, Gonzalez Fuertesek penaltia adierazi du etxekoen alde. Joseluk hartu du erantzukizuna, eta sare barrura bidali du. Laburbilduz, zuri-gorriak bat gutxiagorekin eta 0-1 galtzen egon dira 8. minuturako.

Hori ikusita, bilbotarrek aurrera jotzea besterik ez dute izan, eta 18. minutuan saria etorri zaie. Yurik ezkerretik area barruan jarri du baloia, Raul Garciak buruz ukitu eta sareetan amaitu du, Williamsen paparrean jo eta gero (1-1).

Zoritxarrez, Athletici poztasunak ez dio askorik iraun, hiru minutu geroago Tenerifek aurrea hartu baitu berriro, Joseluren bidez. Aurrelari galiziarrak Yuri eta Iñigo Martinezen arteko gaizki-ulertu bat baliatu du (atzelari biak baloi bera urruntzera joan dira eta enbarazu egin diote elkarri) area barruan solte geratu den baloia errematatzeko (2-1).

Garitanoren jokalariak ekinean jarraitu dute. Williamsek aukera oso garbia izan du 28. minutuan, baina posizio behartuan errematatu du, eta Ortolaren gorputzaren aurka jo du bere ahaleginak.

Atsedenaldira heldu arte, jokoaren ekimena zuri-gorriena izan da, Teneriferen ate inguruetara hurbiltzen saiatuz behin eta berriro, baina bizkaitarren jaurtiketa ahaleginak ez dira nahi bezain eraginkorrak izan. Bitartean, Barajaren taldea kontraeraso bat noiz harrapatuko zain egon da.

Bigarren zatian, ildo beretik zihoan neurketa. 54. minutuan, ordea, Athleticen itxaropena piztu duen jokaldia iritsi da. Tenerifekoek huts larria egin dute atzealdean, baloia Williamsek harrapatu du, eta bere abiadura aprobetxatuta atezainaren aurrean paratu da baloia iaiotasunez gurutzatzeko (2-2).

Gol horrek dagoeneko nekea erakusten ari zen Garitanoren taldea biziberritu du, eta hurrengo minutuetan Ortolaren atearen aurka arriskua sortzen ahalegindu dira. Dena dela, norgehiagokaren amaiera gerturatu ahala, agerian geratu da zuri-gorriak izugarri ari zirela sufritzen fisikoki, eta atzera jo dute.

Horren ondorioz, 79. minutuan, kanariarrak gola erdiesteko zorian egon dira, baina Joseluren orpoz egindako saiakerak Ezkietaren erantzun apartarekin egin du topo.

Garitanok bere bigarren aldaketa egin du 83. minutuan, Vesga berdegunean sartu eta Unai Lopez kenduta. Argi zegoen zuri-gorriek luzapenera heltzea zeukatela xede, nahiz eta jokalari guztiak lehertuta egon, eta lortu dute.

Luzapenaren hirugarren minutuan, berriz, Tenerife izan da bat gutxiagorekin geratu dena, Carlos Ruiz kapitainak bigarren txartel horia ikusi baitu Williamsi atzetik egindako falta batengatik.

Aurrelari nafarra hauspoari buelta eman ezinik zegoen, eta Garitanok Villalibre zelairatu du haren tokian. Williamsek txalo zaparrada artean utzi du Heliodoro Rodriguez zelaia, bere lana aintzatetsi eta igandean jasandako irain arrazistak deitoratzeko asmoz.

Luzapena amaitzear zegoela, ordea, Athleticek beste zaplazteko bat jaso du, epaileak Teneriferen aldeko penaltia adierazi duelako. Kanarietako taldea berriro ere aurretik jarri da, Dani Gomezek ez baitu abagunea alperrik galdu.

Garitanok 106. minutuan egin du bere azken aldaketa: Capa atera du Iñigo Lekue kentzeko. Bizkaitarrek bultzatzen jarraitu dute, ezinezkoa zirudien golaren bila, jokalariak akituta baitzeuden.

Haatik, 118. minutuan, Yuri Berchichek zartako izugarria bota du area kanpotik, eta gola erdietsi du zuri-gorrien zoramenerako.

Hala, penaltien txanda iritsi da, eta hor San Mamesekoek egin dute aurrera (2-4). Etxekoen aldetik, Joseluk (Ezkietak gelditu egin dio) eta Moorek (langaren aurka bidali du) huts egin dituzte euren jaurtiketak. Bilbotarrei dagokienez, berriz, Iñigo Martinezena izan da akats bakarra; Villalibrek, aldiz, sartu egin du erabakigarria zen bosgarrena.

Beraz, Athletic ostiralean egingo den final-laurdenetako zozketan egongo da.

Fitxa teknikoa:

3 - Tenerife: Ortola, Luis Perez, Carlos Ruiz, Sipcic, Alex Muñoz (Nahuel, 75. min); Moore, Luis Milla, Undabarrena (Dani Gomez, 93. min), Javi Alonso (Aitor Sanz, 66. min); Elliot (Lasure, 50. min) eta Joselu.

3 - Athletic Club: Herrerin, Lekue (Capa, 106. min), Yeray, Unai Nuñez (Ezkieta, 4. min), Iñigo Martinez, Yuri, Muniain, Dani Garcia, Unai Lopez (Vesga, 82. min), Williams (Villalibre, 95. min) eta Raul Garcia.

Golak: 1-0, 7. min: Joselu. 1-1, 16. min: Williams. 2-1, 20. min: Joselu. 2-2, 53. min: Williams. 3-2, 105. min: Dani Gomez. 3-3, 118. min: Yuri.

Penalti jaurtiketak (2-4): Aitor Sanz eta Nahuel (Tenerife); Raul Garcia, Muniain, Vesga eta Villalibre (Athletic).

Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes. Herrerin kaleratu du txartel gorri zuzena aterata (1. min) eta Carlos Ruiz (93. min) bi txartel horirekin. Horrez gain, honako jokalari hauei txartel horia erakutsi die: Undabarrena, Alex Muñoz, Moore eta Ortola (Tenerife ); Williams, Dani Garcia, Gaizka Garitano, Raul Garcia, Yuri eta Iñigo Martinez (Athletic).

Albisteak (4)

Bideoak (1)