Itxi

Errege Kopako finala

Litekeena da Athletic-Real finala publiko barik jokatzea, Europako aukera ez galtzeko

eitb.eus

Leer en Castellano

UEFAk Espainiako federazioaren proposamena baztertu du: finala jokatuko ez balitz, eta taldeetako bat Europarako sailkatuta egongo balitz, beste finalistak Europa Liga jokatzea.

Athleticeko eta Realeko jokalariak, LaLigako derbi batean. Argazkia: Efe.

UEFAk ostegunean Espainiako Futbol Federazioari jakinarazitakoaren arabera, Errege Kopako finala jokatzen ez bada, Europa Liga jokatzeko txartela LaLigako zazpigarren sailkatuak jasoko luke, eta ez kopako bi finalistetako batek, hau da, Athletic eta Reala aukera hori gabe geratuko lirateke.

Ondorioz, UEFAk baztertu egin du Espainiako Federazioak egindako proposamena: finala jokatuko ez balitz, eta finalistetako bat, Athletic edo Reala, aurretik LaLigako sailkapenagatik Europan jokatzeko eskubidea ziurtatuta izango balu, beste finalistak Europa Liga jokatzea.

UEFAren erabakia kontuan izanda, eta Europarako txartela lortzeko aukera barik ez geratzeko, Kopako finala Europa Ligako aurreko fasea hasi baino lehen jokatu beharko litzateke, hau da, ekainaren 25a baino lehen. Koronabirusaren pandemiaren eraginez hartutako neurrien ondorioz, ekainean ezinezkoa litzateke publikoarekin jokatzea.

Athletic ez dago "batere ados" UEFAren erabakiarekin

Ohar batean adierazi duenez, Athletic ez dago "batere ados" UEFAk hartutako erabakiarekin; izan ere, "honela, Kopako finala jokatzeko eskubidea lortu duen talde batek, Kopako txapelduna izan litekeen talde batek, ez du aukerarik Europa Ligako multzo-fasean izateko".

Koparen tradizioa eta ospea kontuan izanik, Athleticek ez du ulertzen "zergatik kentzen zaion txapelketa horri Europako plaza emateko aukera. Beti eman izan du aukera hori".

Hortaz, Athletic ez dago batere ados: "Balio handiagoa ematen zaie Ligako zazpigarren postuan dagoen taldearen merituei, nahiz eta oraindik txapelketa horretako 38 partidetako 11 falta diren, Kopako finalistei baino. Kopan gure futboleko maila guztietako 125 taldek parte hartu dute, eta partida bakarra falta zaio, finala alegia".

Halaber, Athleticen iritziz, "txapelketak aldez aurretik amaitu behar badira, Kopako finalistak izan beharko luke 2020-21 Europa Ligarako postua; Kopak Europako postu bat ematen du". Hain zuzen ere, horixe zen Espainiako Futbol Federazioaren proposamena.

"Beti aldeztu izan ditugu gure eskubideak, zorrotz eta zintzo, eta gure iritziz zuzenak diren irizpideen alde jarraituko dugu", amaitu du Athleticek. Talde bizkaitarrak deitoratu du UEFAk "lehentasuna ematea liga profesionaletako ordezko klubei, Kopako finalisten aurrean".

Albisteak (3)