Futbola utzi du
Aduriz: "Gabarra ateratzea da behar eta nahi dudana, ez bertan egotea"
Agentziak | Erredakzioa
Agur-ekitaldian, Athleticeko aurrelariak nabarmendu du hemendik aurrera "mundu osoaren aurka borrokatzen duen koadrilaren beste jarraitzaile bat" izango dela.
Aritz Adurizek, San Mamesen, zelaian bertan, egindako agur-ekitaldian, esan du ez duela behar gabarran egotea, Athleticek denboraldi honetako Kopako finala Realari irabazten badio; aldiz, behar duen gauza bakarra da taldekideek "gabarra ateratzea".
"Ez dut behar gabarran egon, ez dut bertan tokirik behar, bakarrik behar dut atera dezatela", titulua ospatzeko, esan du. Nabarmendu duenez, "lekua ez da garrantzitsuena"; izan ere, hemendik aurrera, beste zale bat izango da bera ere, "mundu osoaren aurka borrokatzen duen koadrilaren beste jarraitzaile bat" alegia.
Horrek bilakatzen du Athletic klub "berezi", Adurizen iritziz: hain zuzen ere, lagun-koadrila izateak, eta munduaren aurka borroka egiteak.
Donostiarrak ziurtatu duenez, ez zuen inolako aukerarik Kopako finala jokatzeko, 2020ko ekainaren 30a baino lehen jokatu izan balu ere; izan ere, gorputza "mugara" iritsi zaio, eta ez du besterik ematen. Athleticek eta Realak adostu dute finala datorren denboraldian jokatuko dutela, harmailetan zaleak egoteko aukera dagoenean.
"Gorputzaren eta buruaren arteko borroka hori aspalditik nuen, eta, gutxi gorabehera, eutsi ahal izaten nion; baina konfinamenduaren ostean, etxean denbora hain luzea emanda, erabat erabakigarria izan da. Aldakak borroka hori desorekatu du, eta ez zegoen ezer egiterik", onartu du.
BIDEOA | Aduriz azken aldiz irten da San Mameseko berdegunera
Aurreratu duenez, aurreikuspena da ebakuntza hilaren 30ean izatea, eta "ahalik eta lasterren Lezamara joatea", sendatzeari ekiteko eta "taldea lagundu eta taldekideengandik ahalik eta gertuen egoteko, denboraldi-amaierara arte".
Bere azken gola, ibilbideko unerik onena
Bere ibilbideko unerik onenak zeintzuk izan diren galdetu diotenean, Athleticeko '20'ak bere azken gola aukeratu du, hau da, 2019ko abuztuaren 16an Bartzelonari sartu zion gola; ostiral honetako prentsaurrekoa gol hura sartu zuen puntutik bertatik eman du.
"Agian berrikien sartu dudana delako, edo sartu nuen uneagatik; alabak hazten ari dira, eta ikusten ninduten ni, aita, hemen. Baliteke unerik bereziena izatea, gola ospatzen ikusi baitnituen, eta hori polita da", esan du.
BIDEOA | Aritz Adurizek agur esan dio futbolari San Mamesen, azken gola sartu zuen atean
Athleticeko elastikoarekin jokatutako 407 partidetatik, bi aukeratu ditu: 2015eko Superkopakoak. "Denborak aurrera egin ahala, guztiok balioztatu dugu pixka bat gehiago. Une hartan, ematen zuen erreza izan zela, nolabait, baina meritua eman behar zaio; Messiren Bartzelonari gailendu gintzaizkion, bi partidarako".
Bestalde, Adurizek onartu du aldagelan "pixka bat zirikatzailea" izan dela, eta "barkamena" eskatu die, agurrean, "taldekideei, noizbait huts egin badiet, edo gogorra izan banaiz, hitzen edo keinuren batekin".
"Ziur aski, lehiaketagatik, eta izaeragatik, batzuetan une txarrak pasatzen dituzu, eta aldamenekoek ordaindu egiten dute. Baliteke hainbat eta hainbat aldiz huts egin izana taldekideei, nahiz eta nahi dudan pentsatu ondokoei laguntzen saiatzen naizela, ahalik eta ondoen egon daitezen", azaldu du.
Ibilbide-amaieran, Adurizek argi du nola gustatuko litzaiokeen zaleek gogoratzea: "Jakin zuen bezain ondo egiten saiatu zen jokalari bat bezala". Halaber, gustatuko litzaioke jendeak pentsatzea ahal duen guztia egin duela, "bereziki, Athleticen jokatzeko, eta elastiko hau duintasunik handienarekin janzteko".
Taldekideen ohorezko pasilloa
Adurizek San Sameseko berdegunean esan du agur, azken gola sartu zuen arean kokatutako aulki batean eserita; bere gertukoak bertan zeuden, eta Katedraleko bideomarkagailuetan bere 20 golik onenak ari ziren erakusten.
Aurrelaria Ainhoa emaztearekin eta Yara ea Noa alabekin irten da zelaira. Bertan, Athleticeko lehen taldeko jokalari guztiak zeuden, eta ohorezko pasilloa egin diote Adurizi; jokalari guztiek maskara zeramaten, eta segurtasun-tartea zaintzen ari ziren.
¿¿ San Mames
— Athletic Club (@athletic_eus) May 22, 2020
¿¿ @AritzAduriz11 ¿#AdurizLeyenda ¿¿¿ #AthleticClub ¿ pic.twitter.com/ql3RzzIVMf
Omenaldian, besteak beste, Aitor Elizegi Athleticeko presidentea eta Rafa Alkorta kirol zuzendaria izan dira, bai eta lehen taldeko teknikari guztiak eta klubeko beste kide batzuk ere.
Gerora, zelaian bertan ematekoa zuen prentsaurreko bat hasi aurretik, San Mameseko bideomarkagailuek jokalariaren 20 golik onenak erakutsi dituzte; horien artean, sartu zuen lehenengoa izan da ikusgai (Realari egin zion), bai eta azkena, Bartzelonari sartu ziona. Hain zuzen ere prentsaurrekoa eman duen arean bertan lortu zuen gol hura, 2019ko abuztuan.
¿¿ ¿¿¿¿¿ ¿¿¿¿¿¿ ¿
— Athletic Club (@athletic_eus) May 22, 2020
2¿0¿ gol oroimenerako, @AritzAduriz11-ek Athleticekin lortutako 172 goletatik aukeratuak ¿¿¿¿¿#BetikoAduriz #AthleticClub ¿ pic.twitter.com/BxD8cMzBlx
Oso hunkituta, batzuetan jarraitzeko zailtasunekin, Adurizek bere ibilbidea gogoratu du, osorik, eta, gerora, azaldu du zergatik utzi behar duen futbola une honetan, aurreikusitako data baino lehen (hau da, ekainaren 30a heldu aurretik, edo Kopako finala jokatu gabe); izan ere, aldaka-arazoak ditu, ebakuntza egin behar diote, eta arriskua dago aurrelariak zailtasunak izatea hemendik aurrerako egunerokoan.