Arazo gabe
Adurizi egindako aldakako ebakuntza arrakastatsua izan da
Erredakzioa
Athleticek jakinarazi duenez, Aritz Adurizi egin dioten ebakuntzan dena ondo atera da, eta ez da inolako arazorik egon.
Aritz Adurizi ebakuntza egin diote ezker aldakan larunbat honetan Bartzelonako Dexeus Unibertsitate Ospitalean. Manel Ribas doktorearen taldea izan da ebakuntzaren arduraduna. Hala jakinarazi du Athleticek, ohar baten bidez.
"Ebakuntza normaltasunez joan da, eta ez da eragozpenik izan ebakuntzaren ostean", adierazi du klubak, eta, honakoa gaineratu du: "Datozen orduetan gela batera eramango dute, eta 4-5 egunez egongo da ospitaleratuta. Ziurrenik asteazkenean emango diote alta".
Duela egun batzuk, Adurizek erretiroa hartzen zuela jakinarazi zuen. Izan ere, ezker aldakan zituen arazoek ez zioten goi-mailako futbolean jarraitzen uzten.