Itxi

1-1

Berdinketa San Mamesen eta puntu bana Athleticentzat eta Atletico Madrilentzat

Erredakzioa

Leer en Castellano

Ligako 28. jardunaldiko partida hau bana (1-1) berdinduta amaitu da. Muniainek sartu du neurketa lehen gola, eta Diego Costak berdindu du norgehiagoka.

Muniainek goleko errematea egin duen momentua. Argazkia: EFE

Athleticek bana (1-1) berdindu du Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatu duen Ligako 28. jardunaldiko partida, COVID-19 koronabirusak eragindako geldialdiaren osteko lehena.

Hamaikagarren segundoan Iñigo Martinezek baloi arriskutsua moztu du Diego Costa Unai Simon atezainaren aurrean bakarrik geratzea eragotzita. Ondoren, Athleticen erantzuna etorri da, aurkariaren atera gerturatzen hasi dira zuri-gorriak, baina abagune argirik sortu gabe.  Atletico Madrilek oso aukera argia izan du 12. Minutuan, baina Carrascok area barrutik egin duen jaurtiketa, kanpora joan da oso gutxigatik. Zortzi minutu beranduago, 20.ean, Carrasco izan da berriz protagonista; belgikarra area barruan sartu da, eta jaurtiketa kanpora joan da Yerayrengan jo ostean. Ia jarraian, 22. minutuan, Athleticen lehen abagune argia izan du, baina Williamsen errematea Oblakek gelditu du,  talde bizkaitarraren eta Caparen erdiraketa on baten ostean.

Pixkanaka, Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldea nagusitzen hasi da, eta abagune bikaina izan du 33. minutuan, nahiz eta Oblak atezainak gola eragotzi duen Yerayren erremateari erantzun paregabea emanda.  Geroago, 37. minutuan, Yurik hegaletik erdiratu, eta Muniainek 1-0ekoa sartu du, penalti puntutik egin duen errematea sare barrura bidalita.

Hala ere, pozak ez dio ia ezer iraun Bilboko taldeari, koltxoneroek neurketa berdindu baitute 38. minutuan; Yerayk huts larria egin du, pase bat ematerakoan baloia Marcos Llorenteri oparituta, gero Kokek jaso du, honek pasea eman dio Diego Costari eta brasildarrak banakoa (1-1) egin du, Unai Simon maisuki gaindituta.

Bigarren zatian hobeto zelairatu da Madrilgo taldea. Simeonek zuzentzen dituen mutilek baloiaren jabetza izatea lortu dute, abagunerik sortu gabe. Athletic sufritzen ibili da, baina 58. Minutuan jokaldi ona egin du, Yuri hegaletik area barrura sartu da, baina jaurtiketa kanpora bota du.

Neurketako 60. minututik  aurrera Athleticek izan du baloiaren jabetza, nahiz eta bi taldeetako bat ere ez den gai izan gol aukera argiak sortzeko. Abagune gabeko minutu askoren ostean, talde koltxoneroak oso aukera argia izan du 79. minutuan; Unai Simon atezainak Lodiren jaurtiketa desbideratu du, aldaratzea Ariasek jaso du, eta honen jaurtiketari erantzun bikaina eman dio, Atleticoren gola eragotzita.

Azken minutuetan bi taldeak saiatu dira garaipenaren bila jotzen, baina defentsak nagusi izan dira, eta ez dute lehia irabaztea lortu. Amaieran, puntu bana talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri (Unai Nuñez, 83. min); Dani Garcia, Unai Lopez (Vesga, 63. min); Williams (Kenan Kodro, 91 min), Muniain (De Marcos, 83. min), Cordoba (Sancet, 63. min); eta Raul Garcia.

1 - Atletico Madril: Oblak; Trippier (Arias, 63. min), Savic, Gimenez, Lodi; Koke (Herrera, 78. min), Thomas, Saul, Carrasco (Lemar, 63. min); Marcos Llorente (Correa, 68. min) eta Diego Costa (Morata, 63. min).

Golak: 1-0, 37. min: Muniain. 1-1, 38. min: Diego Costa.

Epailea: Jose Luis Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak atera dizkie Muniain (6. min), Williams (46. min), eta Iñigo Martinez (84. min) Athleticeko jokalariei.

VAReko Epailea: Juan Martinez Munuera.

Albisteak (3)

Bideoak (1)