Itxi

Gaur, 22:00etan

Athleticek ezinbestekoa du Sevillari irabaztea Europako lehian jarraitzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Andaluziarren bisita hartuko dute zuri-gorriek San Mamesen, azken 11 partidetatik bat bera ere galdu ez duen taldea, bost garaipen eta sei berdinketa bildu baititu.

Athleiceko jokalariak aurtengo denboraldian San Mamesen sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek eta Sevillak Europako sailkapenak izango dituzte jokoan gaur gaueko 22:00etan, San Mamesek hartuko duen bi taldeen arteko norgehiagokan. Zuri-gorriek Europa Ligarako postuaren bila jarraitu nahi dute, une honetan hiru puntura dutena; sevillarrek, berriz, Txapeldunen Ligako sailkapena sendotu nahi dute behin betiko, sei puntuko aldea ateratzen baitiote bosgarrenari.

Bilbotarrek atzerapausoa izan zuten igandean, Real Madrilen aurkako neurketa polemikoa galdu ostean (0-1); ondorioz, garaipenaren bideari heldu nahi diote berriro. Gaizka Garitanok jakin badaki bere taldeak derrigor irabazi behar duela, eta, horretarako, litekeena da ohikoa duen hasierako hamaikakoari heltzen jarraitzea. Geldialditik bueltan, Camp Noun baino ez du atseden hartu bere jokalari multzo titularrak.

Hala ere, Athleticek bi baja ditu: Raul Garciarena (igandean hamargarren txartel horia ikusi zuen) eta Yeray Alvarezena (lesionatuta dago).

Yerayren ordezkoa Unai Nuñez izango da; Raul Garciarena, ostera, Oihan Sancet gaztea izan daiteke, Garitanok Iker Muniain hegalean kokatzen badu, azken partidetan egin legez. Alabaina, Oscar de Marcosek ere bere aukera izan dezake, entrenatzaileak Muniain punta erdiko postuan jartzen badu.

Sevillak, bere aldetik, garaipena bilatuko du bere laugarren postuari eusteko eta Atletico Madrilekin berdintzeko. Andaluziarrak indarberrituta iritsiko dira partida honetara, 5 garaipen eta 6 berdinketa lortu baitituzte jarraian; izan ere, ez dute galdu otsailaren 9tik (2-1, Vigon).

Gainera, Sevillarrak San Mamesen liga txapelketan daukaten bederatzi porroteko bolada kaskarra gainditzeko asmoz etorriko dira, 2009an irabazi baitzuten Bilbon azken aldiz (0-4, Renatoren, Negredoren, Kanouteren eta Navasen golekin).

Julen Lopeteguik Tomas Vaclik atezain txekiarraren hutsune nabarmena izango du, belauna bihurritu baitzuen Eibarren aurkako azken neurketan; horrenbestez, Yassine Bono marokoarrak hartuko haren lekua atepean.

Balizko hamaikakoak:

Athletic: Unai Simón, Capa, Unai Núñez, Iñigo Martínez, Yuri, Dani García, Unai López, De Marcos, Muniain, Córdoba eta Williams.

Sevilla: Bono, Jesús Navas, Koundé, Diego Carlos, Reguilón, Jordán, Gudelj, Banega, Suso, En-Nesyri, Ocampos edo Munir.

Epailea: David Medié Jiménez.

Futbol-zelaia: San Mames.

Ordua: 22:00.

Albisteak (4)