1-2
Athleticek Levante mendean hartu eta Europarekin amesten jarraitzen du
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak 1-2ko emaitzarekin lortu du garaipena La Nucian, eta Europa Ligara sailkatzeko aukerekin jarraitzen du.
Athleticek garaipena lortu du Levanteren aurka (1-2) La Nucian jokatu duen Ligako 36. jardunaldiko partida, eta Europa Ligara sailkatzeko aukerekin jarraitzen du, 51 punturekin.
Gogotsu eta erasokor ekin dio neurketari talde zuri-gorriak, eta laugarren minutuan saria jaso du Raul Garciak sartu duen golarekin (0-1); Vezok ez du erdiraketa ondo aldendu, baloia Raul Garciari iritsi zaio, eta area barrutik egin duen errematearekin Aitor Fernandez atezaina gainditu du.
Norgehiagokako lehen golaren ostean, Levante izan da erasora jotzen saiatu dena, baina abagune argirik sortu gabe. Valentziako taldeak izan duen aukera argiena Bardhik kanpora bota duen falta jaurtiketa bat izan da, 18. minutuan. Ura edateko hutsartearen ostean, parekatuta mantendu da lehia, baina 45. minutuan, Athletick bigarren gola sartu du, Raul Garciaren bitartez (0-2); Rochinak baloia aldendu du areatik, Unai Nuñezek buruz moztu du, De Marcosek pasea eman dio Raul Garciari, eta ukitu loratu batekin gainditu du Aitor Fernandez atezaina.
Bigarren zatiaren hasieran Athletic izan da nagusi, eta Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak hirugarren gola sartzeko aukerak izan ditu. Raul Garciak egin duen jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da, eta Vesgarenak ere ez du aterik aurkitu. Partidako 63. minutuan izan du lehen abagune argia Levantek, baina Campañaren errematea kanpora joan da Clercen erdiraketa onaren ostean. Kontrolpean izan du neurketa Athleticek, baina, Levantek desabantaila murriztu du 71. minutuan; Campañak pase ona eman dio Mayorali, Iñigo Martinez ahul ibili da jokaldia defendatzerakoan, eta Bardhik 1-2koa sartu du Mayoralen pase bikaina sare barrura bultzatuta.
Levanteren golaren ostean, Athleticek izan ditu gola sartzeko aukera onenak, baina zuri-gorriek ez dute asmatu. Azken txanpan, Levantek erasora jo nahi izan du, baina Athleticek ondo eutsi dio eta hiru puntuak lortu ditu.
Fitxa teknikoa:
1 - Levante: Aitor Fernandez; Vezo, Oscar Duarte (Melero, 89. min), Postigo, Clerc; Vukcevic (Radoja, 62. min), Campaña, Rochina (Giorgi, 89. min), Bardhi (Hernani, 73. min), Morales (Roger, 62. min) eta Borja Mayoral.
2 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga; Unai Lopez, Vesga, Sancet (Cordoba, 67. min), Williams (Lekue, 67. min), Muniain (Kodro, 87. min) eta Raul Garcia (Villalibre, 87. min).
Golak: 0-1, 4:. min Raul Garcia. 0-2, 45. min: Raul Garcia. 1-2, 71. min: Bardhi.
Epailea: Alberola Rojas. Txartel horia atera dio Iñigo Martínez Athleticeko jokalariari.