Itxi

Berriztatzea

Athleticek 2023ra arte luzatu dio kontratua Viviani

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Harrobiko erdiko atzelariak hiru denboraldiko kontratua sinatu du zuri-gorrien lehen taldearekin.

Daniel Vivian eta Aitor Elizegi kontratu-sinatzearen unean. Argazkia: Athletic Club

Athleticek astearte honetan iragarri duenez, hiru urtez luzatu du Daniel Vivian erdiko atzelari gazteak klubarekin zeukan lotura, 2023ko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere. Gasteizen jaiotako defentsak 40 milioi euroko etete-klausula izango du hemendik aurrera.

Vivianek Bilbao Athleticen jokatu du amaitu berri den denboraldian; alabaina, lehen taldearen dinamikan murgilduta egon da, eta zenbait deialditan egoteko aukera izan du. Horrenbestez, Gaizka Garitano entrenatzaileak 2020-2021 denboraldiari ekiteko garaian erabilgarri edukiko dituen 33 jokalarietako bat izango da 21 urteko gasteiztarra.

Joan zen denboraldian ere lehen taldearekin batera egin zuen denboraldi-aurrea, Alemanian egindako egonaldian parte hartu baitzuen. Gainera, Garitanok lagunarteko partidetan gehien erabili zuen jokalarietako bat izan zen: 385 minutu pilatu zituen, eta gol bat sartu zion Numantziari.

Vivian 2016-2017 denboraldian iritsi zen Lezamara, Santutxu taldetik. Lezamako egituran eman zuen lehen denboraldian, Vivianek Hirugarren Mailako filialean jokatu zuen, CD Basconian, eta hurrengoan, Bilbao Athleticekin jokatzeari ekin zion. 2018-2019 denboraldian, sendotu egin zuen bere parte-hartzea zuri-gorrien bigarren taldean, eta, 2019-2020an, berriz, lehen taldeko laugarren erdiko atzelariaren rola bete du. Bilbao Athleticekin jokatutako 12 neurketetan (hainbat denboraz min hartuta ibili da) bi gol erdietsi ditu.

Albisteak (3)