San Mamesen
Athletic-Vila-real (1-1): Lan handia, sari txikia
Erredakzioa
Hobekuntza zantzuak talde zuri-gorrian, baina sailkapen nagusian bi puntu baino ez ditu eta hori kezkagarria da. Gabilondo eta Nilmar izan dira golegileak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek bana berdindu du Vila-realen aurka, San Mamesen, BBVA Ligako seigarren jardunaldian. Indartsu hasi dute partida lehoiek eta aurkariak atzean utzitako hutsuneak ondo aprobetxatu dituzte lehen minutuetan. Amorebietarena izan da lehen jaurtiketa. Gabilondok eta Llorentek ere arriskua sortu dute.
Baloiaren jabetza zuri-gorriena zen, baina erasoan arrisku handiarekin ari zen Vila-real taldea. Minutuek aurrera egin ahala partida orekatu da, Garridoren taldearen mesedetan.
43. minutuan Gabilondok markagailua estreinatu du (1-0). Iraolak eskuinetik erdiratu du eta Añorgakoak botaren puntakoarekin gola sartu du. Garrantzi handiko gola bilbotarrentzat.
Athletic galduta zelairatu da bigarren zatian eta Vila-realek partida berdindu du 53. minutuan. Rossiren jokaldi ona ezkerretik, baloia Nilmarri eman dio, Amorebieta arriskua aldaratzen saiatu da, baina jokalari brasildarrak Iraizoz gainditu du azkenean.
Hiru minutu geroago geldiketa bikaina egin dio Diego Lopezek Javi Martinezi. 61.ean Markel Susaetak izan du Athletic markagailuan aurretik jartzeko aukera.
Toquero zelairatu da eta gasteiztarrak izugarrizko bizitasuna eman dio taldeari. Aurrelariak gola lortzeko aukera polita izan du 73.ean. Azken hamar minutuetan gizon bat gutxiagorekin jokatu du Athleticek Ekizari bigarren txartel horia erakutsi baitio epaileak.
Athleticek puntu bakarra eskuratu du eta sailkapen nagusian bi baino ez ditu, kezkagarria. Ostegunean, Europa Leaguekin hitzordua.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic Club: Iraizoz; Gurpegui, Ekiza, Amorebieta; Iraola, Javi Martinez, Aurtenetxe; Susaeta (Iturraspe, 82'), Muniain (David Lopez, 88'), Gabilondo (Toquero, 66'); eta Llorente.
1 - Vila-real: Diego Lopez; Zapata, Gonzalo, Musacchio, Catala; Marcos Senna, Bruno, Cani (Camuñas, 86'), Borja Valero (De Guzman, 74)'; Nilmar eta Rossi (Marco Ruben, 59').
Golak:
1-0, 43': Gabilondo.
1-1, 52': Nilmar.