Erabakia
Granada - Athletic Club partida larunbatean jokatuko da; Alaves – Betis, igandean
Erredakzioa
Lehiaketa Batzordeak erabaki duenez, ez da Ligako neurketarik jokatuko ostiral eta astelehenetan. Lehen mailako denboraldiaren hasiera egun batez atzeratu da.
Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordeko epaileak asteazken honetan erabaki duenez, Santander Liga irailaren 12an hasiko da, ez irailaren 11n, Futbol Liga Profesionalak publikatu zuen bezala. Ezingo da partidarik jokatu ostiral eta astelehenetan. Erabakia Liga hasteko aurreikusita zegoen eguna heldu baino bi egun lehenago hartu dute.
Erabaki horren ondorioz, Ligako lehen jardunaldiko Granada – Athletic Club neurketa irailaren 12an jokatuko da, 18:30ean. Partida hori irailaren 11n zen jokatzekoa, eta Liga abiatu behar zuen norgehiagoka zen.
Eguna eta ordua aldatuko duen beste partida bat Alaves – Betis taldeen artekoa izango da; izan ere, irailaren 13an (igandea) jokatuko da, 14:00etan, nahiz eta irailaren 14an (astelehena) zen jokatzekoa.
Horiek dira, oraingoz, neurketa horiek jokatzeko zehaztu diren egunak eta orduak, baina Ligak aldatu egin ditzake, betiere txapelketa jokatzeko erabilgarri jo dituzten egunak eta ordutegiak hautatuz gero.
Aldaketak bigarren jardunaldiko partidetan
Ligako bigarren jardunaldiko beste neurketa batzuei ere eragingo die erabaki horrek. Horrela, Getafe – Osasuna partida irailaren 19an (larunbata) jokatuko da, 20:45ean, eta Betis – Valladolid norgehiagoka, irailaren 20an (igandea), 20:00etan.