Itxi

0-1

Athleticek porrota jaso du bederatzi jokalarirekin amaitu duen Cadizen aurka

Erredakzioa

Leer en Castellano

Zuri-gorriek 0-1eko emaitzarekin galdu dute San Mamesen jokatu duten Ligako 4. jardunaldiko partida. Andaluziako taldeak bi jokalari gutxiagorekin ibili da azken ordu erdian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticek porrota jaso du Cadizen aurka (0-1) San Mamesen jokatu duen Ligako 4. jardunaldiko partida. Andaluziako taldeak bederatzi futbolarirekin jokatu du azken ordu erdia.

Lehen zatian talde bizkaitarra izan da baloiaren jabe eta Cadiz atzean sartuta egon da kontraerasora irteteko zain. Bi taldeetako bat ere ez da abagu argiak sortzeko gai izan, eta golik gabe (0-0) heldu da neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, 48. minutuan, epaileak bigarren txartel horia atera dio Akapori eta Cadiz hamar jokalarirekin geratu da. Hala ere, bi minutu beranduago, talde bisitariak gola sartu du; 'Choco' Lozanok atzean utzi du Unai Nuñez, pasea eman eta Unai Lopezek bere atean sartu du gola (0-1).

Oso gaizki jokatzen ibili da ordura arte Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldea, baina gola jaso eta gero bi abagune izan ditu partida berdintzeko: Williamsek zutoinera bidali du errematea 59. minutuan, eta, hurrengo jokaldian, Iñigo Martinezen jaurtiketa loratuari erantzun bikaina eman dio Ledesma atezainak.

Norgehiagokako 69. minutuan, Gonzalez Fuertes epaileak Alvaro Negredo egotzi du bigarren txartel horia aterata, area barruan bere burua lurrera botatzeagatik. Bederatzi jokalarirekin geratu da Cadiz, eta Athleticek berdinketaren bila jo du. Gaizka Garitano entrenatzaileak, ordea, ez du aldaketekin asmatu, eta Bilboko taldea hegaletik egindako erdiraketekin soilik saiatu da arriskua sortzen. erdiraketak oso kaskarrak izan dira, eta zuri-gorriek ez dute errematerako aukerarik izan. Gainera, Cadizek izan ditu abagune onenak azken txanpan, bigarren gola egin ahal izan du talde bisitariak, baina ez du Unai Simonen atea berriz zulatzea lortu. Azkenean, Cadiz garaile San Mamesen.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic Club: Unai Simon; Capa (Lekue, 86. min), Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia (Kodro, 78. min), Unai Lopez; Muniain (Sancet, 62. min), Raul Garcia, Morcillo (Villalibre, 46. min); eta Williams (Iñigo Vicente, 62. min).

1 - Cádiz: Conan Ledesma; Akapo, Fali, Cala, Espino; Iza Carcelen, Jonsson (Jose Mari, 72. min), Augusto Fernandez (Jon Ander Garrido, 88. min), Alex Fernandez (Ivan Alejo, 61. min); Malbasic (Salvi, 61. min) eta 'Choco' Lozano (Negredo, 61. min).

Gola: 0-1, 56. min: Unai Lopez, bere atean.

Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes. Carlos Akapo (48. min) eta Alvaro Negredo (70. min) egotzi ditu, jokalari bakoitzari bina txartel horia aterata. Txartel horiak atera dizkie Villalibre (41. min), Kodro (79. min) eta Iñigo Martinez (83. min) Athleticeko futbolariei, baita Fali (41. min) Cadizeko jokalariari.

Albisteak (3)

Bideoak (1)