Koronabirusa
Oscar de Marcosek positibo eman du COVID-19an
Agentziak | Erredakzioa
Gaizka Garitano entrenatzaileak arratsaldeko prentsaurrekoan esandakoaren arabera, bederatzi baino gehiagok pasa dute koronabirusa lehen taldean, odol proben emaitzen arabera.
Oscar de Marcos Athleticeko jokalariak positibo eman du koronabirusea, talde bilbotarrak aditzera emandakoaren arabera. Ondorioz, bederatzi dira dagoeneko denboraldi honetan lehen taldean antzemandako koronabirus kasuak.
De Marcosek lesioa dauka orkatilan eta baja da zuri-gorriek igande honetan Valladoliden jokatuko duten neurketarako. Jokalaria “osasunez ondo dago eta bere etxean da osasun protokoloari jarraituz”.
Athleticek gaineratu duenez, "gainontzeko PCR proba guztiek negatibo eman dute".
Bederatzi baino gehiago
Gaizka Garitano entrenatzaileak arratsaldeko prentsaurrekoan argitu duenez, bederatzi baino gehiago dira lehen taldean positibo eman dutenak.
"Odoleko proben emaitzek diotenez, beste bi-hiruk pasatu dute gaixotasuna. Bederatzi baino gehiagok pasatu dute guztira, ez dakit 11 edo 12 diren. Plantillaren erdiak pasatu du gaixotasuna", adierazi du entrenatzaileak.