Itxi

San Mamesen

2.200 eserlekuko animazio-harmaila egiteko plana aurkeztu du Athleticek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Egitasmoa hilaren 27ko egingo den Batzar Nagusian aurkeztuko dute, bazkide konpromisarioek onar dezaten. Hala bada, lanak 2022ko hasierarako amaituta egon daitezke.

San Mameseko animazio-harmailerako planaren infografia. Argazkia: Athletic Club

Athletic Clubek San Mamesen 2.200 eserlekuko animazio-harmaila berri bat eraikitzeko egitasmoa aurkeztu du. Egungo Iparreko Beheko Harmailan kokatuko litzateke, eta abenduaren 27an egingo den Batzar Nagusian bazkide konpromisarioek oniritzia emango baliote, prest egon liteke 2022. urtearen hasierarako.

Planaren berri Aitor Elizegi presidenteak eta Jorge Gomez zuzendariak eman dute astelehen honetan. Zehaztu dutenez, lanek 3,5 milioi euro inguruko kostua izango lukete

Egitasmoaren egilea Cesar Azcarate arkitektoa da, hots, 2013an inauguratutako futbol-zelai berria proiektatzeaz arduratu zena.

Proiektua aurkezteko egindako ekitaldian, bideo bat erakutsi dute, eta bertan Azcaratek azaldu duenez, "estadioaren egitura nagusiari eragiten ez dion lan xumea da", harmaila bi mailatan banatzean datzana.

Behealdean, 1. eta 14. ilaren artean, animazio-harmailetako 2.200 zale horiek egongo lirateke segurtasunezko zutikako besaulkietan (safe standing, ingelesezko esamoldean). Goiko aldean, berriz, 15. eta 25. ilaren artean, gaur egun dauden bezalako eserlekuak egongo lirateke. Bi guneek sarbide eta zerbitzu independenteak izango lituzkete.

'Safe standing' erako eserlekuak egongo dira lehendabiziko ilaretan (1. ilaratik 14.era). Argazkia: Athletic Club

Ikusleen ikusmen ona bermatzeko, "harmailaren lehen lerroak aurreratzea" aurreikusi da, "soropilarekiko baino 5,5 metroraino", hau da, gaur egun baino bi metro gertuago, eta horrek "goiko aldeko ikusleen ikusmena bermatuko du, nahiz eta animazio harmailakoak zutik egongo diren partidak irauten duten bitartean".

Aldaketa horiek ez liokete eragingo harmailaren egungo edukierari, 4.188 eserlekuri eutsiko liokeelako.

Proiektua aurrera ateratzen bada, lanak "2021eko uztailean edo abuztuan" hasiko lirateke, Eurokoparen ondoren, San Mamesen jokatzekoak diren 2021eko Eurokoparen ostean. Ondorioz, zonalde horretako bazkideak zelaiko beste zenbait tokitara lekualdatu behartuko dituzte, Athleticek hurrengo denboraldian etxean jokatuko dituen lehen partidetan, lanak irauten duten bitartean.

"Harmaila berriaren helburua San Mameseko animazioaren motorra indartzea da, egun dauden gune guztiak bilduz. Joera hori gero eta gehiago erabiltzen da Europako estadio handietan, giro handiagoa sortzen dutelako estadioan ", azpimarratu du Elizegik.

ANIMAZIO-HARMAILA AURKEZTEKO BIDEOA:

Albisteak (3)