Derbia, San Mamesen
Realak bolada txarrari amaiera eman dio, eta Athletic ezinean ibili da (0-1)
L.E.A | EITB MEDIA
Donostiarrek merezita eraman dituzte hiru puntuak joko gutxi izan den derbian. Portuk egin du partidako gol bakarra, lehen zatiko 5. minutuan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Portuk partidako 5. minutuan egindako golak garaipena eman dio Realari Athleticen aurka San Mamesen jokatutako euskal derbian. Garaipen lasaigarria da donostiarrentzat, bederatzi neurketa zeramatzatelako garaipenik lortu gabe, eta bilbotarrentzat, berriz, porrot mingarri bezain kezkagarria.
Neurketa arriskuko lehen jokaldian erabaki da, txiru-urdinek baloia zelai erdian lapurtu dute eta, kontraeraso azkar batean, Portuk baloia Unai Simonen atean sartu du.
Reala Athletic baino gehiago izan da eta partida erabakita uzteko aukerak izan ditu, batez ere bigarren zatian jaurtitako bi faltetan. Lehenengoa, langara bidali du Alexander Isakek, eta bigarrena, Mikel Oyarzabalen jaurtiketa bat, estu-estu urrundu du Unai Simonek.
Garitanoren taldea gola sartzen saiatu da, baina Zubeldiak Sanceten ahalegina oztopatu du; bigarrenean, Sancet bera eta Morcillo ez dira gai izan Yurik egindako erdiraketa aprobetxatzeko.
Athletic ezinean aritu da erasoan, batez ere azken minutuetan. 0 eta 2koa gertuago izan da banakoa baino, eta bidezkoagoa, zelaian donostiarrek izan duten nagusitasuna ikusita.
Fitxa teknikoa:
0 - Athletic: Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Vencedor (Unai Lopez, m.55; Raul Garcia, 73. min), Vesga; Williams (Sancet, 55. min), Muniain, Berenguer (Morcillo, 55. min); eta Villalibre (Kodro, 84. min).
1 - Reala: Remiro; Gorosabel (Sagnan, 68. min), Zubeldia, Le Normand, Monreal; Guridi, Guevara (Zubimendi, 46. min), Merino; Portu (Barrenetxe, 74. min), Isak (Willian Jose, 85. min) eta Oyarzabal (Merquelanz, 68. min).
Golak: 0-1, 5. min: Portu.