Itxi

Data berriaren zain

Atletico Madril-Athletic partida atzeratzea erabaki dute, denboralearen ondorioz

L.E.A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bilbotarren hegazkinak ezin izan zuen atzo Barajasen lur hartu, elurtearen eraginez eta Athleticek Bilbora itzuli behar izan zuen.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur arratsaldean Wanda Metropolitanon jokatzekoa zen Atletico Madril-Athletic partida atzeratu egin dute, data barik, "denboraleak eragindako ezohiko egoeraren" eta "zelaia baldintza egokietan izateko arazoen" ondorioz, LaLigak azaldutakoaren arabera.

Goizeko lehen orduan, eta bi klubekin harremanetan izan ostean, LaLigak erabakiaren berri eman du. Madrilen elurra mara-mara ari du ostiral arratsaldetik eta gaur, larunbata, elurteak jarraitu egiten du. Hain zuzen, elurrak Athleticen hegazkinak Barajasen lur hartzea galarazi zuen eta Atletico Madrilen entrenamendu planak oztopatu zituen.

"Denboraleak penintsulan eragindako ezohiko egoeraren ondorioz, egun osoan Madril Barajas aireportua itxita egon dela eta futbol zelaia jokatzeko egoera egokian izateko arazoak izango direla ikusita, LaLigak, bi klubekin hitz egin ostean, gaur 16:15ean Wanda Metropolitanon jokatzekoa zen partida bertan behera uzteko eskatu dio Lehiaketa Batzordeari", adierazi du LaLigak goizean.

Momentuz, jokatzeko datarik gabe

"Datozen egunetan jakitera emango da partida noiz jokatuko den. Lehiaketaren egutegian barruan dagoen egun batean izan beharko da", gaineratu du LaLigak. Ondoren, Athleticek eta Atletico Madrilek ere partidaren atzerapenaren berri eman dute.

Marcelino Garcia Toralek zuzendurako taldeak ezin izan zuen bart Madrilen lur hartu Adolfo Suarez-Barajas aireportua denboralearen ondorioz itxi egin behar izan zutelako. Gaur goizean Lezaman entrenatu dira.

Albisteak (1)

Bideoak (1)