Itxi

Finala (2-3)

Athletic, Superkopako txapeldun!

L. E. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zuri-gorriek luzapenean irabazi diote Bartzelonari (2-3), Williamsek gol ikusgarria sartuta. Messi kalera bota du epaileak azken minutuetan, Villalibreri eraso egitearekin.

Athleticeko jokalariak Superkopako garaikurrarekin. Argazkia: EFE.

Athleticek bere historiako hirugarren Superkopa irabazi du Sevillan, La Cartujan jokatutako finalean, Bartzelona 2-3 mendean hartuta. Partida luzapenean erabaki da, arauzko denbora binako emaitzarekin amaitu ostean.

Messi zalantzan egon da azken minutura arte, izterreko arazo batzuen ondorioz, baina azkenean hasieratik aritu da Koemanen taldean.

Lehen zatian, bi taldeen arteko berdintasuna izan da nagusi, eta arrisku gutxi izan da bi areatan, azken minutuetan izan ezik. Bilbotarrak seguru eta sendo aritu dira, goian presioa eginez eta kataluniarren baloi irteerak oztopatuz. Messi oso gutxitan sartu da jokoan, eta Koemanen taldeak asko nabaritu du hori.

Minutuek aurrera egin ahala, Messiren falta jaurtiketa bat eta Caparen beste bat izan dira erasoan egon diren jokaldirik nabarmenenak. 37. minutuan, Messi areaz kanpotik saiatu da berriro, baina baloia kanpora joan zaio. Handik hiru minutura iritsi da Bartzelonaren gola: Jordi Albak ezkerretik erdiratu du, Messik ezin du errematea behar bezala egin, baina baloia Griezmanni iritsi zaio, eta honek Unai Simonen atean sartu du.

Hala ere, pozak gutxi iraun die kataluniarrei, bi minutu geroago, 42.ean, De Marcosek gola egin baitu Iñaki Williamsek egindako pase bikaina aprobetxatuta.

Atsedenaldiaren ostean, 57. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Raul Garciak Muniainen falta erdiraketa baten ondoren egindako gola, VAR sistemako laguntzaileari kasu eginez jokoz kanpo zegoela adierazita.

Pixkanaka, Bartzelona jokoaren kontrola hartzen hasi da, eta horren ondorioz iritsi da kataluniarren bigarren gola. Griezmannek egin du hori ere, Jordi Albaren paseari etekin ezin hobea aterata.

Partidak horrela bukatu behar zuela zirudienean, Asier Villalibrek 2-2koa egin du 90. minutuan.  Emaitza horrekin amaitu da arauzko denbora.

Williamsen gol ikusgarria

Luzapena hasi eta gutxira, Iñaki Williamsek aho bete hortz utzi ditu denak area ertzetik sartutako gol ikusgarriarekin. Luzapeneko lehen zatiaren amaieran, Nuñezek partida erabakita uzteko aukera paregabea izan du, baina ez da gutxigatik baloia errematzatzera iritsi. Bigarren zatian, berriz, lehoiek sendo eutsi diote Bartzelonari, eta Leo Messi kaleratu dute. Argentinarrak Asier Villalibreri eraso dio, eta epaileak, VAR sistema kontsultatu ostean, txartel gorria atera dio.

Azkenean, 2-3 nagusitu da Athletic, eta zuri-gorriek Superkopa irabazi dute, hirugarren aldiz.

Bideoak (3)

Audioak (3)