Ezohiko Batzarra
Elizegiren bigarren saiakera Athleticen kontuak aurrera ateratzeko
A. A. | EITB MEDIA
Ezohiko Batzarra egingo du klub zuri-gorriak igande honetan, duela ia bi hilabete bazkideek errefusatu egin baitzituzten Zuzendaritza Batzordeak aurkeztutako proposamenak.
Aitor Elizegi Athleticeko presidentea eta bere Zuzendaritza Batzordea joan den abenduaren 27an egindako klub zuri-gorriko Ohiko Batzar Nagusiak bertan behera utzi zituen kontuak (2019-2020 denboraldiari dagozkionak eta 2020-2021eko aurrekontua) aurrera ateratzen saiatuko dira igande honetan.
Bigarren ahalegin hori jada Ezohiko Batzar batean egingo da, eta lehen hitzordu hartan euren kudeaketari bazkideek emandako ezezko biribila aldatzen ahaleginduko dira presidentea eta bere batzordekideak.
Orduan, pandemiaren ondorioz 22 milioi euro inguruko defizita islatu zuten 2019-2020ko kontuek kontrako 439 boto (% 59,1) eta aldeko 277 (% 37,3) baino ez zituzten jaso; bestalde, diru-sarreretan 17,4 milioiko murrizketa aurreikusten zuen 2020-2021eko aurrekontuak ere antzeko gaitzespena jaso zuen: aurkako 454 boto (% 61,5) eta aldeko 256 (% 34,7).
Horrez gain, Elizegiren proiektu nagusietako batek ere, hots, Animazio Harmaila berriak, bazkideen gaitzespena jaso zuen, hori bai, gai horri buruzko botazioa askoz estuago joan zen, aurkako 348 boto eta aldeko 339 jaso baitzituen. Bitxia bada ere, Elizegiren batzordeak erabaki du proiektu hori ez aurkeztea igandeko batzarrean.
Aitzitik, Athleticeko zuzendaritzak 7,4 milioiko galerak gehituko dizkie Ohiko Batzarrean aurkeztu zituen 37,4 milioi euroei, covid-19aren ondorioz.
Horietatik, 22 milioi 2019-2020 denboraldiari zegozkion (klubak 133 milioi euro inguruko aurrekontua izan zuen denboraldi hartan), eta gainerako 15,4 milioiak 2020-2021eko aurrekontuari (Jon Ander de las Fuentes kontulariak 97 milioiko diru-sarrerak aurreikusi zituen aurtengo denboraldirako).
Zenbait talde kritikok kontra bozkatzeko asmoa dutela aurreratu duten Batzar Nagusia gainditzeko, zuzendaritza zuri-gorria, besteak beste, kirol martxa onaren eraginaz fidatzen da.
Izan ere, Marcelino Garcia Toral entrenatzailea aulkira heltzearekin batera, Athleticek Superkopa bereganatu zuen Real Madrili eta Bartzelonari irabazita. Horrez gain, auntengo Errege Kopako finalerdian dago sartuta (Levanteren aurkako itzulerako partida jokatu behar du oraindik) eta oraindik jokatu gabe dauka aurreko denboraldiko Kopako finala, Realaren aurka.
Gainera, Zuzendaritza Batzordeak ostiral honetan iragarri zuen akordioa lortu zuela lehen taldeko jokalariekin, haien soldata % 8,43 murritz dezaten. Jaitsiera hori joan zen urtean iragarri zuten % 6ko jaitsierari gehitu behar zaio.
Talde zuri-gorriak, halaber, datorren denboraldiko Batzarrean euren bazkideei 'covid' laguntza bat eskatuko diela jakinarazi zuen ostiralean ere.
Batzarraren, hau da, erakundearen organo nagusiaren babesik jaso ezean, kluba egoera ezezagunean geratuko litzateke, inoiz ez baitiote presidente bati kontuak birritan atzera bota. Hala ere, kasu hori ez da estatutuetan jasotzen, hortaz, Zuzendaritza Batzordea ez dago ezer egitera behartuta.
Gainera, kasu hori gertatuko balitz, ez duela dimitituko aurreratu du Elizegik, eta 2018ko abenduan hasitako agintaldiarekin jarraituko duela.
Gogoratu beharra dago ere, Elizegiren lantaldeak oso modu estuan gainditu zuela 2019ko lehen Batzarra (2017-2018ko kontuak: % 54,4 / % 40,7; 2018-2019ko aurrekontua: % 48,1/ % 46,8).