PSGren porrotarekin
Athletic-Slovan (2-1): F multzoko lidergoa, ziurtatuta
Erredakzioa
Marcelo Bielsaren taldeak multzoko lehenengo postua ziurtatu du garaipena eskuratuta. De Marcosek eta Susaetak lortu dituzte zuri-gorrien gola intentsitate eta joko gutxiko norgehiagokan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilboko taldeak F multzoko lidergoa eskuratu du Slovan 2-1 gaindituta. PSG-k 2-0 galdu du Salzburgen aurka eta Bielsaren taldeak matematikoki eskuratu du multzoko lehenengo postua. 1-0ekoa Oscar De Marcosek lortu du lehenengo zatian, baina atsedenaldia baino lehen Sebok 1-1ekoa ezarri du. Bigarren zatian Markel Susaetak garaipenaren gola eskuratu du (2-1).
Athletic nagusi izan da lehenengo zatian, baina Marcelo Bielsaren taldeak ezin izan ditu gol aukera argiak sortu. Iñigo Perez, Iturraspe eta Ander Herrera jarri ditu Rosarioko entrenatzaileak zelai erdian eta zuri-gorriek baloiaren jabetza arazorik gabe mantendu dute. Bilboko taldeak ezin izan du Slovanen defentsa gainditu, baina 15. minutuan De Marcosek 1-0ekoa jarri du markagailaun aldaratze bat ederki aprobetxatuta.
Erasoan gehiago sakatu dute zuri-gorriek 1-0ekoarekin eta Llorentek 2-0ekoa lortzeko abagune ederra izan du. Hala ere aurrelariaren saiakera langa gainetik kanpora desbideratuta joan da. Weissen taldeak lerroak aurreratu ditu eta Bratislavak aukerak sortu ditu. Halenarren falta jaurtiketa langara joan da 34. minutuan eta 39. minutuan 1-1ekoa jarri du markagailuan Sebok. Iraizozek zalantza izan du irteera batean eta Sebok kalitate handiz gainditu du atezain nafarra. Atsedenaldian berdinketa izan da San Mameseko markagailuan (1-1).
Bigarren zatian Toquero eta Iraola zelairatu ditu Marcelo Bielsak Lorenteren eta Iñigo Perezem ordez eta taldeak agresibitate gehiagorekin jokatu du erasoan. Zuri-gorriek sakatzen jarraitu dute, baina ezin izan dituzte gol aukera garbiak sortu. 53. minutuan, Javi Martinezek abagune ona izan du, baina Aiegiko erdilariaren errematea kanpora joan da.
Bratislavako taldea atzean sartu da eta Bielsaren gizonek lerroak aurreratu dituzte. Slovanek asko sufritu du zuri-gorrien erasoa gelditzeko eta 74. minutuan Markel Susaeta eibartarrak 2-1ekoa jarri du markagailuan. De Marcosek erdiraketa ona jarri du bigarren zutoinean eta Susaetaren errematea sare barrura joan da. Azkenengo minutuetan Athleticek gol gehiago lortzeko aukerak izan ditu, baina emaitza ez da aldatu. Epaileak, Herreraren gola gaizki baliogabetu egin du 86. minutuan ustezko jokoz kanpoko posizioan sartu baitu gola zuri-gorriak eta neurketa 2-1ekoarekin bukatu da.
- Fitxa teknikoa:
2 - Athletic Club; Iraizoz; De Marcos, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iñigo Perez (Iraola, 46. minutuan), Iturraspe, Herrera; Susaeta, Llorente (Toquero, 46. minutuan) eta Muniain.
1 - Slovan Bratislava: Putnocky; Kladrubsky, Dobrotka, Had; Bagayoko, Guede, Zofcak (Pauschek, 83. minutuan), Kolkac (Lacny, 83. minutuan); Milinkovic (Grendel, 87. minutuan), Sebo eta Halenar.
Golak: 1-0, 15. minutuan: De Marcos. 1-1, 38. minutuan: Sebo. 2-1, 75. minutuan: Susaeta.