Itxi

4 partidako zigorra

Athleticek Iñigo Martinez jokatzeko premiazko neurri kautelarra eskatu du

I. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kirolaren Administrazio Auzitegiak (TAD) Iñigo Martinezen errekurtsoa goizean atzera bota du

Iñigo Martinez eta Sergio Leon, liskarrean. Argazkia: EFE

Athletic Clubek premiazko neurri kautelarra hartzeko eskatu dio Kirolaren Administrazio Auzitegiari (TAD) Iñigo Martinezen errekurtsoa atzera bota ostean.

Atzo Athleticek helegitea aurkeztu zuen Iñigo Martinezi lau partidako zigorra ezarri zion Lehiaketa Batzordearen ebazpenaren aurka eta horrez gain, zigor hori kautelaz bertan behera uzteko eskatu zuen, klub zuri-gorriak ohar baten bide jakitera eman zuenez.

Baina, helegitea bertan behar utzi dute gaur eta ondoren ez du Levanteren kontra jokatuko Ondarroako defentsak.

Talde zuri-gorriak albistea Valentzia aldera bidaiatu baino lehen jaso du.

4 partidako zigorra

Espainiako Futbol Federazioaren (FEF) Lehiaketa Batzordeak lau partidarekin zigortu zuen asteazkenean Ondarroako atzelaria, Levanteren aurkako Ligako neurketaren partidaren amaieran (1-1) Sergio Leonen aurka egindako ekintza erasoa egotzita.

Hiru partida baino gehiagoko zigorra denez, zigorra edozein lehiaketatan bete behar da; aldiz, hiru partida edo gutxiagoko zigorra izan balitz txartel gorria ikusi zuen lehiaketan bertan bete beharko zukeen zigorra, hau da, kasu honetan Liga Txapelketan.

Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi duenez, batzordeak lau partida ezarri dizkio Martinezi "eraso egiteagatik", diziplina araudiaren 98.1 artikulua aplikatuz.

Ligako 25. jardunaldiko partidako epailearen aktak jaso zuenez, "Iñigo Martinez Athleticeko jokalariak eskua aurpegian jarri dio aurkari bati (Sergio Leon), gehiegizko indarra erabilita".

"Gertaera hori aldageletako tunelean jakinarazi zitzaien bi taldeetako ordezkariei, jokalariak dagoeneko zelaitik kanpo baitzeuden", gaineratu zuen Isidro Diaz de Mera epaileak.

Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzailearen esanetan, Lehiaketa Batzordearen erabakiak "harridura" sortu du klubean, eta "bidegabea" dela uste du; izan ere, egon diren "aurrekari batzuetan" zigorra "ez da hain larria izan".

Albisteak (3)

Bideoak (1)