Errege Kopako finala
Eusko Jaurlaritzak ez du begi onez ikusten futbol estadioetan publikoa egotea
A. B. | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez, "egun bizi dugun egoera ez da egokiena jendeari futbol zelaietara sartzen uzteko".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek eta Realak apirilaren 3an jokatuko dute Errege Kopako finala Sevillako Cartuja estadioan eta ziurrenik zaleak egon ahal izango dira harmailetan. Horren harira, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ez dela momentu egokiena jendeari futbol estadioetara sartzen uzteko.
"Gure ustez ez da momentu egokia publikoari estadioetara sartzen uzteko, egun bizi dugun egoera ikusita", adierazi du Bingen Zupiriak asteazken honetan. Bestalde, Realeko eta Athleticeko zaleei gogorarazi die apirilaren 3an debekatuta dagoela Euskal Autonomia Erkidegotik irtetea, futbol partida bat ikusteko bidaiatzea barne.
Espainiako Futbol Federazioa ostegunean bilduko da Athleticekin eta Realarekin finalari buruzko xehetasunen berri emateko. Kazetariek gai honen inguruan galdetu diote Zupiriari eta hauxe izan da Jaurlaritzako bozeramailearen erantzuna: "Jendeari kontuz ibiltzeko eta etxeetan bizikideak ez diren pertsonekin ez biltzea eskatzen ari gara, beraz, ez dugu begi onez ikusten publikoa estadioetara sartu ahal izatea".