Belauneko lesioa
Zarragari ebakuntza egingo diote meniskoan eta Kopako finalak galduko ditu
A. B. | EITB Media
Athleticeko jokalariari ebakuntza egingo diote datorren astean eta talde zuri-gorriak jokatuko dituen Errege Kopako bi finalak galduko ditu.
Oier Zarraga Athleticeko jokalariari ebakuntza egingo diote eskuin belauneko kanpoaldeko meniskoan, eta talde zuri-gorriak Realaren aurka apirilaren 3an jokatuko duen Errege Kopako finala galduko du. Gainera, ezingo du Bartzelonaren kontrako apirilaren 17ko finalean ere parte hartu.
Athleticek otsailaren 1ean egin zion lehen taldeko fitxa Zarragari, eta Marcelino Garcia Toralek taldea zuzentzen duenetik sei minutu bakarrik jokatu ditu lehen taldearekin, azkenak Ciutat de Valencia estadioan, Levanteren aurkako Ligako partidan.
Zarragarekin batera, min hartuta dabilen Unai Nuñezek ere ez du parte hartu astearteko lansaioan. Bestalde, Espainiako selekzioarekin dauden Unai Simon eta Iñigo Martinez ere falta izan dira. Entrenamenduko berritasuna Nico Serrano bigarren taldeko aurrelaria izan da.