Osasun egoera
Yeray eta Yuriren lesioak konfirmatu dituzte, eta Nolaskoaini ebakuntza egingo diote
L.E.A. | EITB MEDIA
Halaber, Oier Zarragari ebakuntza egin zioten asteazkenean, eskuineko belauneko meniskoan.
Yeray Alvarez eta Yuri Berchiche Athleticeko jokalariek lesio muskularrak dituztela konfirmatu du Athleticek. Biek aldageletarako bidea hartu behar izan zuten asteazkenean bilbotarrek Realaren aurka Reale Arenan jokatutako partidan, eskuineko zangoan zuten minagatik.
Ondorioz, Marcelinoren hamaikakoan lekua izaten duten bi jokalariak zalantza dira Athleticek Bartzelonaren aurka apirilaren 17an jokatuko duen Errege Kopako finalerako, eta litekeena da zuri-gorriek Alavesen aurka San Mamesen larunbatean jokatuko duten derbian baja izatea.
Bi jokalariei “proba osagarriak egingo zaizkie” lesioen nondik norako zehatza jakiteko.
Nolaskoaini eta Zarragari, ebakuntza
Horrekin batera, Peru Nolaskoaini “datorren astean” ebakuntza egingo diotela iragarri du klubak, artoskropia bat, “eskuineko orkatilan dituen arazoak konpontzeko”.
Ondorioz, Nolaskoain baja izango da Kopako finalari begira Oier Zarraga gaztearekin batera. Zarragari ebakuntza egin diote asteazkenean eskuineko belauneko meniskoan duen lesioa sendatzeko.