San Mamesen
Aukerak bai baina golik ez, Athletic-Alaves derbian (0-0)
L. E. A. | EITB MEDIA
Bilbotarrek eta gasteiztarrek hutsean berdindu dute, baina epaileak bi gol baliogabetu dizkio Alavesi Javier Calleja entrenatzailearen estreinekoan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek eta Alavesek hutsean berdindu dute San Mamesen jokatutako euskal derbian. Ondorioz, zuri-gorriek sei partida daramatzate jada garaipenik lortu gabe eta gasteiztarrek, berriz, jaitsiera postuetatik ateratzea lortu dute Javier Calleja entrenatzailearen estreinekoan.
Fernando Pacheco arabarren atezaina izan da partidako protagonista nagusia, Athleticen hiru aukera argiri erantzun bikaina emanda.
Lehen zatian, bilbotarrek bi aukera oso argi izan dituzte markagailuan aurrea hartzeko; lehenengoa, Morcillok egindako jaurtiketa batean, baina baloiak langan jo du eta kanpora atera da (17. min). Ondoren, 20. minutuan, Sancet bakar-bakarrik geratu da Pachecoren aurrean eta atezainak baloia urruntzea lortu du.
44. minutuan, Joseluk Remiro gainditu du buruarekin egindako erremate batean, Tomas Pinak egindako erdiraketa aprobetxatuta, baina epaileak gola baliorik gabe utzi du VAR laguntzaile teknikoak adierazitakoari jarraituz.
Alavesek hobera egin du lehen zatiko azken minutuetan eta bigarrenaren hasieran ere Athletic baino hobeto aritu da. Horrela, 52. minutuan, Lejeunek gola egin du baina hau ere baliorik gabe utzi du epaileak aurretik baloiak Tachiren eskuan eman duelako.
Egoera ikusita, Marcelinok ohiko titularrak zelaitzea erabaki du eta hortik aurrera zuri-gorriak nagusi izan dira.
Partidaren bukaeran, Athleticek bi aukera oso argi izan ditu. Unai Nuñezek buruarekin atzerantza egindako errematean eta Berenguerren jaurtiketa batean, baina baloia ez da Pachecoren atean sartu.
Caparen eta Manuren bosgarren txartela
Bestalde, Ander Capa Athleticeko jokalariak ezin ziango du apirilaren 21ean Villamarinen Betisen aurka jokatu epaileak bosgarren txartel horia atera diolako.
Manu Garcia Alaveseko kapitainak ere bere bosgarren txartel horia jaso du eta, ondorioz, ezin izango du arabarrek Huescaren aurka jokatuko duten partida garrantzitsua jokatu.
Fitxa teknikoa
0.- Athletic Club: Unai Simón; Capa, Unai Núñez, Balenziaga, Lekue; Ibai (Muniain, 63. min), Vesga, Unai López (Dani García, 63. min), Morcillo (Berenguer, 69. min); Sancet (Raúl García, 69. min) eta Villalibre (Williams, 63. min).
0.- Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Tachi, Lejeune, Martín; Jota Peleteiro (Pere Pons, 75. min), Battaglia, Pina (Manu García, 78. min), Luis Rioja (Edgar Méndez, 75. min); Lucas Pérez (Borja Sainz, 85. min) eta Joselu.