Sevillan
Athletic-Bartzelona, titulua irabazteko bigarren aukera bilbotarrentzat
L. E. A. | EITB MEDIA
Lehoiek Realaren aurka duela 15 egun galdutako 2020ko Errege Kopa ahaztu nahi dute; kataluniarrek, berriz, Ronald Koeman entrenatzaile dutenetik lehen titulua irabaztea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek eta Bartzelonak historian klasikoa bilakatu den Errege Kopako finala jokatuko dute larunbatean, 21:30ean, Sevillako Cartuja zelaian. Titulu gehien irabazi dituzten bi taldeak izango dira, berriro ere, aurrez aurre.
Zuri-gorriek duela 15 egun Realaren aurka galdutako finala (0-1) lehenbailehen ahaztu nahi dute, 2020 finala, pandemiaren ondorioz atzeratutakoa publikoarekin jokatu ahal izateko, nahiz eta azkenean harmailak hutsik jokatu zuten.
Final hori ahazteko, Marcelino Garcia Toralen taldeak beste aukera bat du larunbatean, baina, oraingoan, Bartzelona izango dute aurkari.
Final honi begira, entrenatzaile asturiarrak ohiko hamaikakoa zelairatzea espero da; osorik ez bada, bai neurri handi batean.
Zalantzarik handiena Iker Muniain da. Ostegunean Sevillara iritsi zirenean, kapitaina herrenka ikusi genuen eta azken partidetan emandako mailak ere behera egin du. Dirudienez, nafarra ez da bere sasoirik onenean.
Bartzelonan Piqué da zalantza
Bartzelonak, berriz, Kopa irabazi nahi du Ronald Koeman entrenatzaile dutenetik lehen titulua eskuratzeko, liga oraindik erabakitzeke dagoen arren.
Entrenatzaile holandarrak 26 jokalari eraman ditu Sevillara, eta zalantza nagusia Piqué jokatzeko moduan izango den ala ez jakitea da.
Ustezko hamaikakoak
Athletic: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Íñigo Martínez, Yuri; Berenguer, Dani García, Vesga, Muniain; Raúl García y Williams.
Bartzelona: Ter Steguen; Dest, Araujo, Lenglet, Jordi Alba; Busquets, De Jong, Pedri; Dembélé, Griezmann y Messi.
Epailea: Juan Martínez Munuera (Valentziako batzordekoa).
VAR epailea: José Luis González González (Gaztela Leongo batzordekoa).
Ordua: 21.30ean.
Estadioa: Cartuja.