Santander Liga
Nico Williams, Athleticekin debuta egin duen XXI. mendean jaiotako lehen jokalaria
A. B. E. | EITB Media
Lehen taldeak Valladoliden aurka jokatu duen Ligako 33. jardunaldiko partidako 62. minutuan zelairatu da 18 urteko jokalaria. Iñaki Williamsen anaia da.
Nico Williams da Athleticen gizonezkoen lehen taldearekin debuta egin duen XXI. mendean jaiotako lehen jokalaria. Talde zuri-gorriak asteazken honetan (apirilak 28) Valladoliden aurkako Santander Ligako 33. jardunaldiko partidako 62. minutuan zelairatu da San Mameseko berdegunera.
Aurrelariak 18 urte ditu, Iruñean jaio zen 2002ko uztailaren 12an, eta Iñaki baino zortzi urte gazteagoa da. Nico baino lehenago Unai Vencedorrek (2000ko azaroaren 15ean jaioa) eta Oihan Sancetek (2000ko apirilaren 25ean jaioa) jokatu zuten lehen taldean.
Bilbao Athleticekin hasi zuen denboraldia 2020ko udan, aurreko denboraldian gazteen mailako taldean egon ostean. Joseba Etxeberria entrenatzailearen aginduetara 22 partida jokatu ditu, eta zortzi gol sartu ditu.