Burgosen aurka galduta
Bilbao Athletic ez da Bigarren Mailara igoko
A. A. | EITB MEDIA
Zuri-gorriek garaipena behar zuten aurrera egiteko; alabaina, Burgosekoek luzapenean erdietsi dute kanporaketa guztiz erabakita utzi duen gola, Saul Berjonen bitartez.
Bilbao Athletic ezin izan da Bigarren Mailara igo, Burgosen aurka jokatu duen azken kanporaketa 1-0 galdu baitu, Saul Berjon asturiarrak luzapenaren bigarren zatian (108. minutuan) gola sartuta.
Hartara, Julian Calerok entrenatzen duen Burgos taldeak 2001-2002 denboraldian galdu zuten mailara igoko da, Sanse, Amorebieta eta Eivissa taldeekin batera.
Burgosko taldeak nahikoa zuen berdinketa, bere multzoko lehen postua eskuratu zuelako, baina bilbotarrek defentsan egindako akats bat aprobetxatu dute Francisco de la Hera futbol-zelaira bertaratutako Burgosko 2.000 zaleak pozez leher zitezen.
Baloiaren jabetza Julian Caleroren taldearena izan da lehen zatian zehar, eta golaren bila abiatu dira lehen minututik, batez ere Juanma aurrelariaren bitartez.
Joseba Etxeberriaren taldeak aurkariaren erasoei eutsi die ahal izan duen moduan, baina erasoari begira egindako ekarpena oso urria izan da lehen 45 minutuetan. Eskuin hegaletik bakarrik egin ditu saiakerak, Williamsekin eta Nuñezekin.
Pradosek bere areatik gertu galdutako zenbait baloik kinka larrian jarri dute zuri-gorrien bigarren taldea pare bat aldiz, baina Burgosek ez ditu aprobetxatu, eta Perez Hernandez epaileak atsedenaldia adierazi du hasierako emaitzarekin.
Bigarren zatiko aukerarik argiena Undabarrenak izan du, 55. minutuan, Iruren ateko ezker angelura bideratutako jaurtiketa batekin, baina bizkaitarren atezainak gelditu ederra egin du.
Partidaren azken zatian, Nico Williams izan da zuri-gorrien arma nagusia, Burgosen indar eskasiari esker.
Hala, 90 minutuak ez dira nahikoa izan kanporaketa erabakitzeko. Luzapenean, gaztelarrek bazekiten euren multzoko lehen postuan geratu izanaren abantaila zutela euren alde, eta, ondorioz, luzapeneko lehen hurbilketa arriskutsua zuri-gorriena izan da, Diarrak areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin amaitu dena.
Minutu batzuk geroago, bilbotarrek atzean egindako huts baten ostean, Undabarrena gola erdiesteko zorian egon da, Alarconen jaurtiketa bat desbideratuta, baina ez du bere asmoa gauzatu.
Partida hautsita zegoen, eta bietako edozeinen aldera egin zezakeen, eta, hala, Saul Berjonek izan da bere taldeari behin betiko lasaitasuna ekarri diona 108. minutuan, eskuinetik jasotako erdiraketa bat bigarren zutoinean bakar-bakarrik zegoela errematatuta.
Etxeberriaren mutilak esperantzaren golaren bila joan dira, baina ez dute partidari buelta emateko denborarik izan.
Fitxa teknikoa
1 - Burgos CF: Barovero; Álvaro Rodríguez, Zábaco, Córdoba, Raúl Navarro; Elgezabal, Mumo (Lobato, 87. min), Undabarrena, Saúl Berjón (Javi Gómez, 111. min); Juanma García (Alarcón, 90. min) eta Guillermo (Medina, 63. min).
0 - Bilbao Athletic: Iru; Núñez (Baqué, 109. min), Paredes (Luengo, 109. min), Jaso, Imanol; Prados (Bernaola, 105. min), Diarra (Guruzeta, 109. min), Williams, Víctor (Urain, 60. min), Cabo (Nico Serrano, 74. min); eta Artola.
Gola: 1-0, Saúl Berjón: 108. min.
Epailea: Pérez Hernández. Txartel horiak: Guillermo, Navarro Barovero eta Medina (Burgos); Prados (Athletic). Epaileak kanporatu egin du Athleticeko Jaso jokalaria, bi txartel hori erakutsita, baita Paredes ere, txartel gorri zuzena erakutsita.