Errege Kopa
Athletic-Albacete: Llorente eta San Jose, hamaikakoko aurpegi berriak
Erredakzioa
Amorebieta lesionatuaren eta Toqueroren lekua hartuko dute atzelari nafarrak eta aurrelari errioxarrak. San Mamesek ez du ezustekorik nahi joaneko neurketako 0-0ekoaren ostean.
Gola bai ala bai lortu beharko du Marcelo Bielsaren taldeak San Mamesen Albacete Errege Kopatik kanporatzeko. Final-laurdenetan Joaquin Caparrosen Mallorca izango litzateke zuri-gorrien aurkaria eta Bilboko taldeak ez du ezustekorik nahi Bigarren B Mailako taldearen kontra. Hori dela eta, Rosarioko entrenatzaileak Fernando Llorente hasierako hamaikakoan jarriko du. Azkenengo asteetan zuri-gorriek gol falta handia somatu dute eta horregaitik aurrelari errioxarraren beharra du Athleticek.
Hamaikakoan beste aldaketa bat egingo du Bielsak, Fernando Amorebieta lesionatuta baitago. Bere ordez, Mikel San Jose nafarrak jokatuko du defentsan. Albacetek defentsa sendoa duela argi utzi zuen joaneko partidan eta Athleticen helburua aukerak gauzatzea izango da.
Marcelo Bielsa entrenatzaileak honako jokalariak deitu ditu Albaceteren aurka jokatzeko: Iraizoz, Toquero, Aurtenetxe, San Jose, Iturraspe, Llorente, De Marcos, Raul, Susaeta, Iraola, Iñigo Perez, Muniain, Ander Herrera, Ekiza, Javi Martinez eta Ibai.