Mestallatik hurbil
Kopako finala, Santiago Bernabeun jokatzetik urrun
Erredakzioa
Data horretan lanak egiteko asmoa duela jakinarazi dio Real Madrilek Federazioari. Gauzak horrela, Mestallak dauka final handia hartzeko aukera gehien.
Santiago Bernabeu ia baztertuta dago Athleticek eta FC Bartzelonak jokatuko duten Kopako finala hartzeko. Astelehenean egin zuten bileran zelai egokiena Bernabeu dela adierazi zuten talde biek, baina Real Madrilek federazioari jakinarazi dio dagoeneko data horretarako lanak egiteko asmoa duela.
Talde zuriko zaleek, gainera, finala Bernabeun jokatzearen kontra oihu egin zuten igandean eta klubak berak ez du ematen amore emango duenik.
Gauzak horrela, Mestallak dauka final handia hartzeko aukera gehien. Valentziako futbol-zelaiak 53.000 lagunentzako lekua dauka. 2011. urtean Real Madrilen eta Bartzelonaren arteko finala hartu zuen eta 2009.ean Bartzelona-Athletic norgehiagoka.