Itxi

2-2 Vila-realen aurka

Puntu bat Madrigalen

Erredakzioa

Lehen zati zakarraren ostean, bigarrenean erotu da neurketa eta Athleticek irabazteko aukera nahiko izan ditu. Llorentek eta Susaetak sartu dituzte zuri-gorrien golak.

Vila-real-Athletic. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Vila-real: Diego Lopez; Angel, Gonzalo, Zapata, Joan Oriol; Marcos Senna, Bruno, Cani (Camuñas, 68'), Borja Valero, Martinuccio (Hernan Perez, 80'); eta Marco Ruben (Nilmar, 38').

Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, San Jose, Aurtenetxe; Iturraspe, Iñigo Perez (Ekiza, 68'), Ander Herrera, Susaeta, David Lopez (F.Llorente, 45'); eta Toquero (Ibai, 79').

Golak:

1-0, 10', Senna.

1-1, 62', Llorente.

1-2, 66', Susaeta.

2-2, 68', Nilmar.

Athleticek puntu bat eskuratu du Vila-realen aurka bina berdinduta. Madrigalen jokatu da 25. jardunaldiko neurketa eta Bielsaren gizonek garaipena poltsikoan izan dute.

Lehen zatia zakarra eta orekatua izan da. Laster jarri zaio Marcelo Bielsaren taldeari partida maldan gora. Sennak markagailua estreinatu du hamargarren minutuan zuzenean falta bat jaurtita. Hesiak ezin izan du ezer egin eta Gorka Iraizozek kale egin du.

Golak konfiantza eman dio Vila-reali eta zuri-gorrien arera arriskuarekin hurbildu da hainbatetan. Sufritu dute bilbotarrek, baina minutuek aurrera egin ahala jaitsi da etxekoek ezarritako erritmoa.

28. minutuan Vila-realen bigarrena saihestu du Iraizozek. Sennak, berriro ere, falta bat zuzenean jaurti eta atezain nafarra ezustean harrapatzen saiatu da. Baina oraingoan ez du lortu. Athleticen arriskua hegaletatik iritsi da, baina erdiraketek ez dute errematatzailerik aurkitu.

Norgehiagoka bigarren zatian erotu da eta Fernando Llorenten zelairatzeak (David Lopezen ordez) bizitasuna eman dio taldeari. Llorentek berak sartu du banakoarena 61. minutuan. Errioxarrak buruz errematatu du Gaizka Toquerok eskuinetik egindako erdiraketa. Bielsaren gizonek konfiantza hartu eta 65.ean aurretik jarri du Susaetak taldea. Herrerak ondo ikusi du eibartarra eta bakarrik geratu da Diego Lopezen aurrean. Errematea ez da oso ona izan, baina atezaina gainditzeko nahikoa bai.

Bi minutu geroago binakoarena egin du Nilmarrek. Brasildarrak Gorka Iraizozen aldaratze kaskarra baliatu du gola sartzeko. Denbora asko geratzen zen oraindik ere eta bi taldeek hirugarren gola zuten helburu. Llorente eta Ibai Gomez Athleticen hirugarrena sartzeko zorian izan dira, baina azkenean puntu banaketa.


Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)