Bere lehen golaren urteurrena
Berenguer: "Aurten oraindik ez dut golik sartu, baina ahalik eta arinen golak sartzen hastea espero dut"
EITB Media
Athleticek 2020ko urriaren 3an fitxatu zuen Alex Berenguer eta Nafarroako jokalariak urriaren 18an sartu zuen bere lehen gola San Mamesen.
Athleticek 2020ko urriaren 3an fitxatu zuen Alex Berenguer, Torino taldetik. Hurrengo egunean, hilaren 4an, debuta egin zuen jokalari zuri-gorri gisa Mendizorrotzan, Alavesen aurka. Urriaren 18an, duela urtebete, bere lehen gola sartu zuen talde zuri-gorriarekin San Mamesen, Levanteren kontrako neurketan.
"Urtea nahiko azkar pasatu da. Gauzak ondo joan dira. Iaz gol asko sartu nituen. Aurten oraindik ez dut golik sartu, baina ahalik eta arinen golak sartzen hastea espero dut", adierazi du.
"Gauzak oso ondo egiten ari gara denboraldi-aurretik. Punturen batek edo bestek ihes egin digu, baina dinamika onean gaude, eta horrela jarraitzen badugu ez dugu arazorik izango Europara sailkatzeko", azpimarratu du klubaren telebistan egindako elkarrizketan.
Sevillan irabazitako Espainiako Superkopa gogora ekarri du, bere lehen titulua izan zena: "Munduko bi talde onenetakoak, Real Madril eta Bartzelona, mendean hartu genituen. Horixe da jarraitu beharreko bidea, eta aurten helburu handiak lortzeko borrokatuko dugu".
Berenguerrek 51 partida jokatu ditu talde zuri-gorriarekin, eta Levanteren aurkako Errege Kopako finalerdietako itzuliko norgehiagoka izan da politena jokalari nafarrarentzat: "120 minututan zehar borroka egin genuen, eta amaiera aldera nik sartu nuen golari esker finalerako txartela lortu ahal izan genuen. Gol oso garrantzitsua izan zen, niretzat, hemen nagoenetik bizi izan dudan momentu politena".