Itxi

Ezohiko Batzar Nagusia

Athleticeko bazkideek estatutuak lege berriari egokitzea onartu dute

Erredakzioa

Guztira 445 bazkide konpromisariok eman dute botoa eta horietatik 416 boto aldekoak izan dira. 14 bazkidek egokitzearen aurka bozkatu dute, 8 boto zuriz eman dira eta 7 balio gabeak izan dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticen estatutuak Eusko Jaurlaritzak 2010eko ekainaren 22an onartutako lege berriari egokitzea onartu du gaur bazkideen Ezohiko Batzar Orokorrak. Araudi berriak kirol taldeen egituraketa arautzen du.

Euskalduna Jauregian burutu den Batzarrean 445 bazkidek eman dute botoa eta horietatik 416k aldeko botoa eman dute. Hamalau ezezko boto egon dira, zortzi boto zuriz eman dira eta zazpi balio gabeak izan dira.

Fernando Garcia Macua Athleticeko presidente zenean estatutuak aldatzeko batzarra egin zen (2011ko apirilaren 11n), baina bazkideek ezekoa eman zioten orduko Zuzendaritza Batzordearen proposamenari.

Javier Aldazabal Zuzendaritza Batzordeko idazkariak bazkideei azaldu dienez, aurreneko erreforma araudi berrira moldatzeko "egokitzapen txiki bat" baino ez da. Hala ere, taldearen "barneko araudiaren kalitatea hobetzeko" aldaketa berri bat planteatuko dutela jakitera eman du Aldazabalek.

"Legeak derrigortutakoa egin da soilik, legeak derrigortutako guztia betetzeko. Zuzendaritza batzordearen ekarpenik ez dago. Estatutu zaharren kopia bat da eta derrigorrez aldatu beharrekoa baino ez da aldatu", azaldu du Aldazabalek.

Berritasunen artean, "zuzendaritza batzordeko erantzukizunen araudi berria, indarrean zegoena baino zorrotzagoa; bazkideen eskubide eta betebeharren zerrendaren berregituraketa, eta indargabetutako araudiak ezabatzea", besteak beste.

Estatutuak aldatzeko prozesua zabaltzea onartu du batzarrak, eta baita egitasmoa idazteko ardura izango duen batzordearen izendapena ere. Besteak beste, "hauteskunde prozedura, bazkideen betebehar eta eskubideak eta diziplina erregimena" aldatu nahi dituzte.


 

 

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)