Itxi

Manchester-Athletic

Zergatik 'deabru gorriak' eta 'lehoiak'?

Erredakzioa

Manchester United eta Athletic taldeen ezizenak aztertu ditugu Europa Leagueko hitzorduaren atarian.

Athletic-Manchester. Argazkia: EITB

Manchester Unitedek eta Athletic Clubek indarrak neurtuko dituzte ostegunen honetan, Old Trafforden, Europa Leagueko final-zortzirenetako joaneko partidan. Aurrez aurre "deabru gorriak" eta "lehoiak" izango dira, baina nondik datoz ezizen horiek?

Ingalaterrako taldearena aztertuko dugu lehenengo. 1958. urtera jo behar da, urte horretan jazo baitzen Municheko hegazkin istripua. Ezbehar hartan 23 lagun zendu ziren, Manchesterreko zortzi jokalari tartean (Geoff Bent, Roger Byrne, Eddie Colman, Duncan Edwards, Mark Jones, David Pegg, Tommy Taylor eta Billy Whelan), eta beste hainbat zauritu.

Alexander Matthew Busby zen garai hartan Manchesterreko teknikaria, baina, istripuaren ondorioz ,eta sendatu arte, Jimmy Murphy klubeko managerrak hartu zuen taldea zuzentzeko ardura. Bueltan, erabat osatuta, Salford errugbi taldearen ezizenari erreparatu zion Busbyk. 30eko hamarkadan praka gorriekin aritu ziren talde horretako jokalariak eta "The Red Devils" (deabru gorriak) ezizena jarri zieten. Ezizen hori aurkarientzako beldurgarriagoa izango zelakoan, Manchester Unitedi jartzea erabaki zuen Busbyk. Gaitzizen berriaren ondorioz, armarrian ere aldaketak egin zituzten.

Athletic taldeko jokalarien ezizenak, bestalde, San Mamesen du jatorria. San Mames lehoietara bota zuten martiria izan zen. Kondairaren arabera, erromatarrek esklabo bihurtu aurretik, hilzorian zegoen lehoikume bat zaindu zuen Mames umea, eta. Sendatu zenean lehoi-taldera bueltatu zen. Ondoren, Mames kondenatu eta lehoietara bota zutenean, animaliak haren ondoan eseri ziren, eraso egin barik.


Albisteak (3)