Itxi

Europa League

Athleticek Manchester izango du gaur aurkari Ametsen Antzokian

Erredakzioa

Talde bilbotarrak, Amorebieta kenduta, eskura dituen baliabide guztiekin egingo die aurre 'deabru gorriei'. Bizkaitarrak denboraldiko unerik goxoenean heldu dira partida honetara.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Old Trafford futbol zelaian jokatzeko ametsa beteko du Athleticek ostegun honetan. Duela 55 urte bilbotarrek Europako Kopa zaharrean hartu zuten Manchester United, baina orduan beste estadio bat bisitatu zuten zuri-gorriek. Oraingoan Man U handia Old Trafforden bisitatzeko aukera izango dute.

Denboraldi guztietan Txapeldunen Liga jokatzera ohituta dagoen zalegoa topatuko dute 'lehoiek'. Wayne Rooneyri eta haren taldekideei kanporaketa joaneko neurketan erabakita uztea eskatuko diete jarraitzaile ingelesek.

Kanporaketa zirraragarria da ezbairik gabe, baina Athletic aurpegia emateko borondatearekin berdeguneratuko da Ingalaterran. Alex Ferguson handiaren taldearen aurka aukera guztiak agortuko dituzte bilbotarrek ohiko futbol erasokor eta erakargarriaren bidez. Marcelo Bielsa prestatzaile argentinarraren proposamenak arrakasta izan du orain arte.

Talde bilbotarrak, Fernando Amorebieta atzelaria kenduta, eskura dituen baliabide guztiekin egingo die aurre 'deabru gorriei'. Cantaurako zentralak txartel gorria ikusi zuen Moskuko Lokomotiven aurka eta Manchesterreko gau magikoa galduko du.

1956-1957 denboraldiko Europako Kopan, final-laurdenetan, Manchester Unitedek kalean utzi zuen Athletic, eta bizkaitarrek mendekua hartu nahi dute orain. Zuri-gorriak denboraldiko unerik goxoenean heldu dira kanporaketa honetara, izan ere, Errege Kopako finalean dira dagoeneko, Txapeldunen Ligako postuetatik gertu daude Ligan. eta Europan azken urteetako parte-hartzerik onena izaten ari dira.

1956-1957 denboraldian Athleticek 3-0 hartu zuen aurrea San Mamesen, lehenengo zatian, baina bigarrenean 5-3 amaitu zen neurketa eta itzuliko norgehiagokan 3-0 kanporaketa irauli zuen Ingalaterrako taldeak.

Alex Fergusonen mutilek ez dute disdira handiko futbolik garatu azken asteetan, baina Premier Leagueko azken 21 puntuetatik 19 pilatu dituzte eta urtarrilaren 4az geroztik ez dute partidarik galdu. Newcastle-ek 3-0 irabazi zien orduan.

Ustezko hamaikakoak:

Manchester United: De Gea; Fabio, Smalling, Ferdinand, Evra; Nani, Carrick, Giggs, Park; 'Chicharito' Hernandez eta Rooney.

Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Javi Martinez, Aurtenetxe; Iturraspe, Herrera, De Marcos; Susaeta, Llorente eta Muniain.



Albisteak (2)

Bideoak (1)