Neurketaren ostean
Llorente: 'Ahaztezina izan da, taldeak partida bikaina jokatu du'
Erredakzioa
"Guztiek jokatu nahi genuen neurketa izan da. Ondo jokatu dugu, partida ia osoan aginduz, baloiaren jabetza mantenduz, eta beraiek kontraeraso gutxi egiteko aukera izan dute", adierazi du aurrelariak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fernando Llorente Athleticeko jokalaria pozik agertu da zuri-gorriek Manchester United 2-3 mendean hartu eta gero, Europa Leagueko final-zortzirenetako joaneko neurketan. Garaipen "ahaztezina" izan da eta taldeak partida "bikaina" jokatu du, Llorenteren hitzetan. "Ia partida osoan zehar agindu dugu", erantsi du.
"Ahaztezina izan da, guztiek jokatu nahi genuen neurketa. Oso ondo jokatu dugu, partida ia osoan aginduz, baloiaren jabetza mantenduz, eta beraiek kontraeraso gutxi egiteko aukera izan dute eta norgehiagoka bikaina egin du taldeak", azaldu du aurrelari errioxarrak.
Manchesterrek azken minutuetan sartutako bigarren gola deitoratu du Llorentek, izan ere, Athletic 1-3 aurretik zen markagailuan. "Pena izan da, 1-3koa sartu eta gero penalti bat era horretan adieraztea tamalgarria izan da, baina emaitza ona dela uste dut", aitortu du.
Azkenik, Bilbon jokatu beharreko itzuliko neurketa hizpide izan du Athleticeko jokalariak. San Mames "presio-eltzea" izango dela uste du Llorentek. Zaleen bultzada "aprobetxatzeko gai" izan behar direla esan du errioxarrak, final-laurdenetarako sailkapena lortzeko.