Itxi

Nafarroako Erresuma

Osasunak Athletic geldiarazi du derbi oso bizkorrean

Erredakzioa

Gorritxoek aurrea hartu dute markagailuan lehenengo zatian eta bigarrenean ederki sufrituta garaipena lortu dute (2-1). Oso derbi fisikoa izan da eta erritmo bizian jokatu da.

Gorritxoak gol bat ospatzen Nafarroako Erresuman. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Osasuna: Andres Fernandez; Bertran, Sergio Fernandez, Flaño, Damia; Nekounam, Puñal, Cejudo (R.Loe, 84. minutua), Lamah (Annunziata, 89. minutua), Raul Garcia eta Nino (Manu Onwu, 67. minutua).

Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Aurtenetxe (Llorente. 46. minutua); Iturraspe (Ander Herrera, 46. minutua), Iñigo Perez, De Marcos; Susaeta, Muniain eta Toquero (Ibai, 61. minutua).

Golak: 1-0, 9. minutua, Iturraspe, bere atean. 2-0, 31. minutua, Raul Garcia. 2-1, 56. minutua, Llorente.

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Athleticen aurka (2-1) euskal derbian, Nafarroako Erresuman. Horrela, Iruñeko taldeak bilbotarrak gainditu ditu sailkapenean eta Txapeldunen Ligako postuetatik bi puntura kokatu dira. Bestalde, bizkaitarrak Europako postuetatik at geratu dira.

Erritmo handiko lehen zatia jokatu dute Athleticek eta Osasunak, baina gorritxoek soilik izan dute eraginkortasuna atearen aurrean eta atsedenaldira 2-0 markagailuan aurretik joan dira.

Mendilibarren jokalariek zortea alde izan dute eta Iturrasperen hutsa aprobetxatu dute markagailuan aurrean hartzeko. Athleticeko erdilariak erdiraketa bat desbideratu eta zuzenean sareetara bidali du, baina bere atera.

Zuri-gorriak erreakzionatzen saiatu dira eta jokaldi on batean De Marcosek baloia zutoinera bidali du, Athleticen aukera argienean. Osasunak talde bilbotarraren hutsa edo faltaren bat aprobetxatzeko aukera itxaron du.

Azkenik, bigarrena jazo da eta Raul Garciak Puñalen erdiraketa bat aprobetxatu du bigarren gola buruz sartzeko. Erdilari gorritxoak burukada aparta baten bidez baloia sareetara bidali du.

Arnas hartzeko betarik eman ez duen lehen zati baten ostean, Bielsak Ferguson ahaztu eta Ander Herrera eta Llorente berdeguneratu ditu. Biek Athleticen golaren jokaldia egin dute. Erdilariak aurrelariari baloi ona sartu eta errioxarrak zartako baten bidez Andres Fernandez gainditu du.

Haizea alde zuela, Athleticek partidaren kontrola bereganatu du bigarren zatian eta Osasuna bere arean sartu du. Hala ere, gorritxoek kontraeraso arriskutsuren bat bideratu dute, Manu Ownuren bidez. Harrobiko mutilak Ninoren lekua hartu du bigarren zatian.

Indarrak falta zirenean Nafarroako Erresumak Osasuna animatu du eta Athleticek Europa Leagueko esfortzua ordaindu du. Hala ere, ederki sufrituta lortu du garaipena Osasunak. Andres Fernandezek geldiketa bikaina egin du luzapenean.

Informazio gehiago (1)