Polemika
Iruñean Iraolari aurpegira zerbait bota ziotela salatu du Athleticek
Erredakzioa
Nafarroako Erresuman jokalariaren "aurpegiak objektu baten inpaktua" jaso zuela salatu du talde zuri-gorriak. "Kolpeak masailalbo-hezurrean zauri txikia" eragin ziola azaldu du Athleticek.
"Iraolaren aurpegiak objektu mingarri baten inpaktua jaso du. Zorionez masailalbo-hezurrean zauri txiki bat baino ez dio eragin, baina noizbait zerbait okerragoa ez gertatzea espero dugu", azaldu du talde bilbotarrak. "Berdegunera objektuak ez botatzeko neurriren bat hartuko al dute?", galdetu du Athleticek.
Eskaera hori "zelai guztietan egiten dugu, baita gurean ere", erantsi du talde zuri-gorriak.
Osasuna-Athleticen kronikan kexatu dira bizkaitarrak. Era berean, neurketako zenbait fasetan "baloiak perretxikoak bezala agertu ziren berdegunean", salatu dute. Zenbait unetan baloi bat baino gehiago azaldu ziren Nafarroako Erresumako zelaian.
Zentzu horretan, berdegunean "bi edo hiru baloi" behin baino gehiagotan pilatu zirela salatu du gaur Josu Urrutia Athleticeko presidenteak, eta horrek jokoaren jarraitutasuna oztopatu zuen.