UEFA Europa League
Iraola: 'Schalke 04 Europa Leaguea irabazteko faboritoetako bat da'
Erredakzioa
Athleticeko kapitainaren ustez kanporaketa berdintasun handikoa izango. Talde alemaniarreko zaleek ere asko laguntzen diote taldeari eta bi giro bikain bizi ahal izango direla baieztatu du.
Athleticeko kapitaina den Andoni Iraolak Lezamako prentsa aretoan hitz egin du ostiral honetan eta Schalke 04 taldearen inguruan aritu da. Europa Leagueko final-laurdenetako kanporaketa berdindua espero du Iraolak.
Iraolak Raul, Huntelaar eta Jurado jokalariak goraipatu ditu eta zozketan zeuden taldeetatik izen handienetakoa zuena zela ere aitortu du. Usurbildarrak nahiago zuen talde espainiarrak sahiestea: "Ez nuen ez Valentzia ezta Atletico Madril egokitzea nahi talde onak direlako eta Ligan beraien aurka laster jokatuko dugulako ere. Atzerriko talde bat nahiago genuen eta Schalke 04 ondo dago".
"Schalke 04ri ere asko laguntzen diote zaleek eta giro bikaina egoten beraien zelaian. Antzekoak dira bi zalegoak eta ondorioz, bai joanekoan zein itzulerakoan giro bikainak bizi ahal izango ditugu", gaineratu du Iraolak.
Itzulerako partida etxean jokatzearen inguruan ere mintzatu da Iraola: "Uniteden aurka ondo etorri zaigu itzulerako partida etxean jokatzea, baina ezin dugu guztia etxeko partidara fidatu. Beraien zelaian emaitza ona lortu beharra daukagu Veltins Arenan oso indartsuak baitira".