San Mamesen
Athleticek berriro estropezu egin du azken minutuetan
Erredakzioa
Bigarren zatian aurrea hartu du markagailuan, aukerak sortzeko lan handia egin eta gero. Baina historia errepikatu da eta Sportingek bere aukera bakarra aprobetxatu du berdinketaren gola sartzeko.
Fitxa teknikoa:
Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, Herrera (Ibai Gomez, 46. minutua), Susaeta, De Marcos, Muniain (Toquero, 84. minutua); Llorente (Iñigo Perez, 87. minutua).
Sporting: Juan Pablo; Pedro, Ivan Hernandez, Botia, Lora; Rivera, Andre Castro, Eguren (Trejo, 78. minutua), Mendy (Barral, 57. minutua); De las Cuevas eta Colunga (Ayoze, 68. minutua).
Golak: 1-0, 77. minutua, De Marcos. 1-1, 91. minutua, Lora.
Athleticek berriro lortutako abantaila ez du aprobetxatu San Mamesen, kasu honetan Sportingen aurka (1-1). Horrela, zuri-gorriak laugarren postutik urrundu dira eta oso zail dute berriz borrokan sartzea. Lau partida jarraian garaipenik lortu gabe daramatzate eta datorren astean Camp Nou bisitatu beharko dute.
Lehen zatian Athletic neurketari beharrezko erritmoa sartzeko kapaz ez da izan, eta kamuts aritu da erasoan. Erritmoa sartu dionean, azken laurdenean arriskua sortu du, baina ez du asmatu atearen aurrean.
Botiak Llorenteri penalti argia egin dio eta epaileak adierazi egin du. Muniainek baloia hartu eta Juan Pablok penaltia gelditu dio. Talde bizkaitarraren aukerarik argiena izan da. Lehen zatiko azken jokaldian gola oinetan izan du Muniainek, baina berriro huts egin du bere arratsalde kaskarrari jarraipena emanez.
Minutu batzuk lehenago, Llorentek aukera ona izan du, baina modu ulertezin batean baloia kanpora bidali du.
Bigarren zatian Athleticek partidaren kontrola bereganatu du, baina aukera askorik ez du sortu. Bilbotarren erasoaldia nahiko ongi kontrolatu dute asturiarrek, baina jokaldi on batean Bielsaren mutilek saria lortu dute. De Marcosek gola sartu du Muniainen pase bikaina aprobetxatuta.
Hala ere, bizkaitarrek ez dute sendotasunik izan azken minutuetan eta Sportingek kontraerasoan harrapatu ditu 1-0 irabazten ari zirenean. Clementeren taldeak izan duen aukera argienean asturiarrek ez dute barkatu eta baloia sareetan kokatu dute. Jadanik erreakzionatzeko denborarik ez zegoen.